Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) ordezkariak Gazteontzako enplegu planak egiteko GAZTEON ERREZETAK dokumentua aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Itsaso Andueza presidentea eta Amaia Elorza, enplegu eta etxebizitza teknikaria, agerraldia egin dute Enplegua, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean. Talde politikoetako (EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD) legebiltzarkide guztiek EGKren lana eskertu eta goraipatu dute.
Zer da gazteon errezetak dokumentua?
Zer dira errezeta hauek? Itsaso Andueza presidentearen hitzetan, “gazteen lan prekarietateari aurre egiteko 17 proposamen, kalitatezko enplegua eta gazteon lan eskubideak bultzatzeko.” Ekainean aurkezpena egin zenean abiapuntua besterik ez zela esan zen eta aurrerago EGK gizarteko eragileekin bilduko zela, ideia berriak jaso eta neurriak entitate bakoitzaren zereginetan nola txertatu zitezkeen baloratzeko. Ia bi orduko agerraldia izan da eta hauek izan dira talde politikoen erantzunak:
- EAJ-PNV: “Eskertzen dugu aldez aurretik bidalketa egin izana irakurtzeko denbora izan dugulako. Guk beti esaten dugu gazteon inguruan hitz egiteko, gazteekin kontatu behar dela, beste esparrutan beste kolektiborekin egiten dugun bezala. Gure ustez ere ondo landu behar dira gazteen arteko ezberdintasunak, ez da bera 18 urteko gaztea izatea edo 30 urtekoa”.
- EH Bildu: “Eskerrik asko dokumentua ekartzeagatik, langabezia oso kezkagarria da eta are gehiago gazteen artean. Neurri zehatzak ikusten dira eta Gazte Label ekimena ere oso interesgarria dela uste dugu. Proposatzen dituzuen ideiak onargarriak direla uste dugu eta konpromiso hartzen dugu, ekimen zehatzak prestatzean kontutan izango ditugu”.
- PSE-EE: “Nork ez ditu onartuko egoera txarrean dagoen kolektibo baten alde neurriak bultzatzen badira? Interesarekin jasotzen dugu dokumentua baina denbora gehiago beharko dugu azterketa sakonagoa egiteko. Eusko Jaurlaritza Enplegu Legea garatzen ari da eta hemen proposatzen diren gauza batzuk hau egiteko kontutan hartu beharko lirateke”.
- PP: “Eskerrak ematea neurriak ekartzeagatik, bat egiten dugu hauekin. Gure ustez hemen dauden neurriak udal bakoitzaren errealitatean moldatu beharko lirateke, beharren arabera. Gu ere kritikoak gara itzuli nahi duten gazteen gainean Jaurlaritzak egiten duen lanarekin. Horrelako neurriak martxan jartzean, beti ebaluatu beharko genituzke”.
- UPyD: “Neurriekin bat egiten dugu, arrazoizkoak ikusten ditugu eta ezarri daitezkeela uste dugu. Krisia bukatzen ari dela esaten digute baina euskal gazteak irteera oso urruti ikusten dute. Ez dago errezeta magikorik baina gauza asko egin daitezke. Zuekin elkartzeko prest gaude eta proposamenak elkarrekin sakonago aztertzeko”.Gazte
Gazteon errezetak, lau hilabete eta 30 bilera baino gehiago
Lau hilabete pasa direnean, 30 bilera baino gehiago burutu dira. Mota guztietako eragileekin bildu da EGK:
– Erakundeak: Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendaritza; Eusko Jaurlaritzako Enplegua eta Gizarte Politiketako saila; Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia; Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteria eta Berdintasun Sustapena saila; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendaritza eta Vitoria-Gasteizko Udalaren Enplegua eta Gazteria zuzendaritzak.
– Erakundeetako talde politikoak: Eusko Legebiltzarreko Eusko Abertzaleak, EH Bildu eta Sozialistak; Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJ-PNV, Podemos-Ahal Dugu eta PP; Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Podemos-Ahal Dugu eta Arabako Batzar Nagusietan EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Irabazi.
– Sindikatuak: CCOO, ELA, LAB, ESK eta USO.
– Beste eragile ekonomiko eta sozialak: CONFEBASK, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera, Fundación ADSIS, CES-EGAB, Novia Salcedo eta IRSE (Instituto para Inclusión Social).
Bilerek aurrera jarraitzen dute eta 17an UGT sindikatuarekin egingo da. EGK-ko lan taldeak jasotako erantzunen balantze positiboa egiten du: “Leku guztietan entzun gaituzte eta batzuekin lehen aldiz bildu gara ekimen honi esker. Adostasunak eta desadostasunak eman dira, eta orain ikusi beharko da zer konpromiso hartzen dituzten eta nola jasotzen dituzten gure proposamenak hurrengo urteetan garatzen diren planetan”. EGK-k honen jarraipena egingo du, bai aurten eratu diren batzar nagusi eta foru aldundietan, bai beste erakundetan.