1 July, 2020

Gazteok pairatzen dugun prekaritatea islatzeko iruditegia

  • Emantzipa… Zer? lantaldean garatu ditugu eta hobekuntza-proposamenak mahai gainean jarri

Lan baldintza egoki eta duinak izatea eskubide bezala aldarrikatu dugu urte luzez. Azken urteotan hartu diren erabakiekin, ordea, lan baldintzak nabarmenki kaskartu dira: prekaritatea, behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak, soldata baxuak, segurtasun eza, gainkualifikazioa, beka eta praktiken erabilera desegokia, etab. Hori dela-eta COVID-19ak sortutako ondorioak eta hauen kalteak modu larriagoan pairatu ditugu gazteok gure errealitatetatearen esparru guztietan. Honen guztiaren aurrean, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) egoera gizarteratzeko, prekaritatea islatzeko, baldintzak salatzeko eta hobekuntza-proposamenak mahai-gainean jartzeko iruditegi bat osatu dugu. Izan ere, gazteok emantzipatzeko orduan dugun arazoaren arrazoietako bat enplegu egoera da. 

Eraldatu beharrekoak

  • Lan prekaritatea: Langabezia-tasek behera egin dute, baina sortu diren enpleguak ez dira kalitatezkoak eta ez dute emantzipatzeko diru-sarreren jarraitutasuna eta duintasuna bermatzen. Horregatik, gazteen enplegarritasuna sustatzeko kalitatezko formulak sortzea, ekintza positiborako neurriak hartzea (klausulak, kupoak, belaunaldi arteko erreleboa) eta lan ikuskaritza handitzea aldarrikatzen dugu.
  • Genero arteko soldata-arrakala: emakumeek gizonezkoek baino %25 gutxiago kobratzen dute eta, gainera, aldi baterako kontratu eta lanaldi partzial gehiago dute. Orokorrean, emakumezkoek egiten dituzten lan hauei balio sozial eta ekonomiko txikiagoa ematen zaie. Ondorioz diskriminazio horizontala (emakumeak sektore eta okupazio batzuetan metatzea) zein bertikala (kristalezko sabaia) ematen da. Egoera irauli ahal izateko enplegura bideratutako politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea, familia eta lanaren arteko kontziliazio neurriak aplikatzea eta soldata-arrakala ezabatzeko zigor gogorragoak jartzea proposatzen dira.
  • Datu eguneratuen beharra: errealitatea ondo ezagutzeko kontuan hartu behar dira genero-perspektiba, adin-tartea eta genero bitarrean kokatzen ez diren pertsonak.
  • Emantzipatu ahal izateko soldatak: 2018ko batez besteko soldata 1.164 eurokoa izan zen eta 2017an gizonezkoena 1.157 eta emakumezkoena 1.025. Honekin emantzipatzea ezinezkoa da, diru-iturrien %88,3a bideratu behar dugulako alokairura (zorpetze onargarria %30 da eta %40 gehiegizko ahalegintzat hartzen da). Batez besteko alokairu prezioa 1.51,3€ da (Gasteiz 1.070,1€, Bilbo 1.075,6€, Donostia 1.305,2€).

[PDF] Gazteon lan baldintzak salatzeko paneltxo informatiboak

Enplegu lan-arlotik eta Emantzipa… Zer? lantaldetik errealitatearen argazkia eguneratzean jarraituko dugu, prekaritatea islatzeko ideiak garatuz eta gazteok pairatzen ditugun lan egoerak salatzen. Bestelakorik identifikatuz gero idatzi bizibaldintzak@egk.eus helbidera edo deitu 945220601 (Oihana) zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.