EGK ha explicado al lehendakari

13 May, 2015

EGK-k gazteen egoera azaldu dio lehendakariari

EGK-k gazteen kezkak, interesak, beharrak, arazoak eta proposamenak azaldu dizkio zuzenean lehendakariari gaur egindako bileran

  • Iñigo Urkullu lehendakariak EGK-k Bilbon duen egoitzari bisita egin dio Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta Jon Redondo, Gazteria eta Kirol zuzendariarekin batera
  • Ordubeteko bileran, EGK-ko lan arloetan jorratzen diren gaiak aztertu dira: etxebizitza, enplegua, hezkuntza, berdintasuna, parte-hartzea eta bakea eta bizikidetza
  • EGK-k “gazteria politikei benetako garrantzia eman nahi bazaie, instituzioek arreta handiagoa jarri eta baliabide gehiago bideratu beharko lituzketela” eskatu du eta lehendakariak, denon artean, irtenbideak bilatzen saiatzeko konpromisoa hartu du

Bilbo, 2015eko maiatzaren 13an. Iñigo Urkullu lehendakari Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Bilbon duen egoitza bisitatu du gaur goizean eta plataformaren arduradunekin ordubeteko bilera izan du zuzen-zuzenean gazteen kezkak, interesak, beharrak, arazoak eta proposamenak entzuteko. Lehendakariarekin Cristina Uriarte (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua) eta Jon Redondo (Gazteria eta Kirol zuzendaria) ere izan dira. EGK-ko presidentea den Itsaso Anduezak harrera egin die eta berarekin batera Gazteriaren Kontseiluko lan talde osoak eta Batzorde Iraunkorreko hainbat kidek.

Gogoratu behar da EGK 1986an Eusko Legebiltzarrean adostutako lege baten bidez sortu zela eta gazteen ikuspuntua erakundeetara helaraztea dela bere eginkizun nagusienetarikoa. Gaurkoan bide zuzenena erabili dela esan daiteke. Egoitza ikusi ondoren, lehendakaria, sailburua eta zuzendaria bilera gelan sartu dira euskaraz egin den topaketan parte-hartzeko.

Hasieran Itsaso Anduezak “EGK berezia eta bakarra” dela azpimarratu du “bazkide diren 60 elkarteen eta gazte guztien ahotsa entzun eta kontutan hartzen” delako “hauen parte hartzerako espazioak erraztu eta bermatzeko helburuarekin”. Jarraian, Batzorde Iraunkorreko kideek hitza hartu dute eta bakoitzaren elkartearen ezaugarriak helarazi dizkie lehendakariari: junior enpresa eta ekintzailetza, astialdia, aniztasuna, gazteen parte-hartzea eta kritikoak baina eraikitzaileak izatearen garrantzia.

EGKren azalpena lehendakariari arloz-arlo

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) lantzen diren arlo ezberdinetako gai garrantzitsuenak jorratu dira eta, horretarako, EGK-ko teknikari bakoitzak azken hilabeteetan egindakoaren lerroburuak azaldu ditu:

ETXEBIZITZA ETA ENPLEGUA: “Gaur egun bermatua ez dagoen eskubidea da. Zerbitzu publikoen bidez eskaintzen diren etxebizitzak gazteen beharretara moldatu beharko lirateke eta etxebizitza kopurua handiagoa izan beharko litzateke. Enpleguan, langabezia eta lan prekarietatea lantzen ditugun gai nagusienak dira. Lehen Aukera deialdiaren moldaketaren bidea jarraitu beharko litzateke Administrazioen beste praktika ez laboral eta bekekin. Gazteen lan emigrazioaren ondorioz sor daitezkeen eskubide urraketekin ere, adi egon behar gara”.

BERDINTASUNA: “Arlo honetan lana egin da baina egiteko asko falta da desberdintasunak mantentzen direlako. Genero eta LGTB inguruko ikerketa oso interesgarri bat burutu dugu eta emaitzak laster argitaratuko ditugu. Gazteen artean jarrera homofobo eta transfoboak ematen direla ikusteak arduratzen gaitu”.

HEZKUNTZA: “Formalean, unibertsitate munduan ez da gazteen ahotsa entzun azken aldian bultzatzen ari diren erreformetan eta, gure ustez, gazteak eztabaida horren protagonistak izan behar dira. Arduratzen gaitu astialdian garatzen diren konpetentzien aitorpena”.

PARTE-HARTZEA: “Egindako azken ikerketen arabera gazteen inplikazioa gora doa, parte-hartzea dinamikoagoa da baina gazteen denbora falta dute nahi adina egin ahal izateko. Gazteen lidergo soziala bultzatu behar da eta oso positiboa ikusten dugu lonja edo lokalen gaineko ikuspuntu aldaketa: segurtasun arazoa izatetik, gazteen harremanak sendotzeko aukera bezala ikustea eskatzen diegu instituzioei”.

BAKEA ETA BIZIKIDETZA: “Gazteen artean lehentasuna ez duen gai bat izan arren, gazteek asko eskertu izan dituzte azken hilabeteetan antolatu ditugun ekintzak. Erosotasunez eta askatasunez gai hauen inguruan hitz egiteko aukera izan dute eta ikusi dute eurek protagonismoa izan dezaketela gai hauek jorratzeko. Bide honetan jarraitu behar dugu, egunerokotasuneko keinu txikiak lantzen eta politika mailan konpromiso handiagoa eskatzen”.

GAZTERIA POLITIKAK: “Legealdi hasieran Gazte Legearen inguruan hitz egin zen eta, formatu horretan edo bestean bada ere, EGK gazte politikak bultzatzeko prest egongo da beti. Gazte Plana eta Gaztebizhitza ataria aurrera atera dira azken garaian baina uste dugu Gazteria politikei benetako garrantzia eman nahi bazaie, instituzioek arreta handiagoa jarri eta baliabide gehiago bideratu beharko lituzkeela”.

ETORKIZUNERAKO ERRONKAK: Hurrengo hilabeteetan EGK-k izango dituen erronka nagusienak azaldu dira: “Webgunea berritzea eta komunikazioa tresnetan sakontzea gazte gehiagorengana iristeko; EGK-k duen finantziazioa erraztea eta sendotzea orain galtzen den berdintasun lan-arloa berreskuratu ahal izateko eta, 2016ri begira (EGK-k bere 30. urteurrena beteko duenean) urte borobila izatea lortzea”.

Lehendakariak, sailburuak eta zuzendariak honen guztiaren berri entzun ondoren, denon artean, irtenbideak bilatzen saiatzeko konpromisoa hartu dute.

Behean, Irekiak gaurko bisitaren inguruan prestatu duen laburpena eta bideoa ikus daitezke:

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.