GAZTeazAROA: egitarau zabala EGKren 25. urtebetetzea ospatzeko!

28 October, 2011

GAZTeazAROA: egitarau zabala Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren 25. urtebetetzea ospatzeko!!!

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak egitarau zabal bat prestatu du bere 25. urteurrena ospatzeko

GAZTeazAROA ekintza-egutegia abiatu du gazte elkarteen plataformak, enplegua, komunikabideak eta boluntariotza bezalako gaiak landuko dituzten jardunaldi eta topaketez josita

Azaroaren 26rako kolofoi-festa antolatu dute Donostiako Kortxoenea gaztetxean, “gazte elkartegintzaren alde 25. urtetan zehar egindako lana ospatzeko”

Donostian, 2011ko urriaren 28an. Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) ospakizunez dago: 25 urte bete ditu, 1986. urtean gazte-elkarte plataforma bezala gorpuztu zenetik. Ordutik, pertsona gazteen eskubideak defendatzeko, elkartegintza bultzatzeko eta gizartearen eraldaketaren alde gazteen parte-hartzea sustatzeko lan egin du erakundeak. Ospatzeko, GAZTeazAROA egitaraua prestatu du: alegia, Donostian, Gasteizen eta Bilbon burutuko diren jardueraz beteriko egutegi bat.

Kontseiluko presidentea, Batiste Ezeiza, azaroan zehar mamituko den kanpaina aurkeztu du gaur Donostiako EGK-ren egoitzan eskainitako prentsaurreko batean. Azaroaren 2an (asteazkena) emango diote hasiera GAZTeazAROAri, Gasteizko Alde Zaharreko Bibat museoan ospatuko duten aurkezpen ekitaldi batean. Bertan gazte-elkarteak, gazteria teknikariak eta udaletxetako, aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bilduko dira. Hitzorduan Oreka Tx taldea ere egongo da, Nomadak Tx emanaldia eskaintzeko. Abiapuntu honen ondoren, tailer, ikastaro eta topaketak hasiko dira.

Lurraldea antolatzen… gizartea antolatzeko ere

Lehenengo jarduera azaroaren 4an izango da (ostirala), 17.00etan Donostiako CRAJ gazteentzako baliabide zentroan, “Planoetatik kalera: lurralde antolamendua birplanteatzen” lelopean. Topaketan, Joseba Koldobika Arbaiza geografoak hitzaldi bat eskainiko du, “La ordenación territorial en el País Vasco, situación actual, conflictos y desafíos” gaia aztertzeko. alaber, parte hartzen dutenek Lurralde Antolamendu Artezpideen (LAA) inguruan hausnartu ahal izango dute. Abiadura handiko trena gure etxe ondoko mendia zulatu dezakeen, beste kanpo portu bat eraiki daitekeen edo nekazal-eremua adosatuz josi daitekeen edo ez arautzen duten artezpideak dira horiek. Zer dela eta antolatu ditu EGK-k jardunaldi hauek? Ba berdefinizio prozesu bat abiatu delako eta, beste behin ere, apenas ez delako egon parte-hartzerako lekurik. Eta, EGKren iritziz, esparru honetan funtsezkoa da partehartzea, gure lurraldea antolatzen dugunean, gure gizartea antolatzen ari garelako ere. Bilbon eta Gasteizen ere burutuko dira jardunaldi horiek. Zehazki, Bizkaiko hiriburuan azaroaren 15ean egingo dira (asteartea), 17.00etan La Bolsa gizartetxean. Bi egun geroago, azaroaren 17an (osteguna) 17.00etan, Arabako bihotzeko Montehermoso museora iritsiko da topaketa.

Ez da hori GAZTeazAROA egitarauaren proposamen bakarra: kulturartekotasun topaketa bat ere prestatu dute, “Elkarbizitza esperientziak elkarbanatzen” izenarekin. Egun oso batean zehar, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat kolektibok esparru honetako euren proiektu eta bizipenak ezagutaraziko dituzte. Noiz? Azaroaren 11n, ostirala, 10.00etatik 19.00etara Donostiako Zurriolako hondartzan jarriko duten jaima batean. Bertara gerturatzen direnek hitzaldiez, bideoforum batez eta koloretako ipuinez gozatu ahal izango dute. Ezeizak gaineratu duenez, “animatzen direnak, bere tupperrarekin animatu daitezke, talde bazkarian parte hartzeko”.

Gazteak komunikabideetan… eta gazteen komunikabideak

Komunikazioak ere bere tokia izango du elkarte-sarearen 25. urteurrenean. Azaroaren 12an, Gasteizko Simone de Beauvoir elkarteen etxean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Gasteizko Udaletxearen artean antolatutako Gazteria foroa burutuko da, “Gazteak komunikabideetan… eta gazteen komunikabideak” gaia jorratzeko. Jardunaldia abiatzeko, Estefanía Jiménez Iglesias EHUko irakasleak hitzaldi bat emango du, komunikabideek gazteei buruz ematen duten irudia aztertzeko. Ondoren, mahai-inguru bat irekiko da, Diario de Noticias de Álavako zuzendari den Julio Iturrirekin eta Bizkaia Irratia, Hala Bedi eta beste zenbait komunikabideetako kazetariekin. Baina Gasteizko Foroan ez da gazteen irudia bakarrik aztertuko: gazteen komunikabideak ezagutzeko aukera ere izango da. Honako proiektu komunikatiboek ezagutaraziko dituzte bere esperientziak: Gazteok XXI elkarte arabarraren Gazteen Berriak aldizkaria; Colombia-Euskadi elkarteak sustatutako Prisma irratia; Gazteriaren Kontseiluak Tas Tas Irratian egiten duen Gazte Borraste irratsaioa; Eusko Ikaskuntzak argitaratzen duen Eusko News Gaztea ikastaroa; eta Euskalerriko Eskautak federazioaren Goitibera aldizkaria.

GAZTeazAROAren baitan ere, Steffi Bergmann Bavariako Gazteriaren Kontseiluko kidea etorriko da gurera. Gazteen boluntariotza Europan hitzaldia emango du azaroaren 18an (ostirala), 19.00etan Bilboko La Bolsa gizartetxean. Eta apenas ordu batzuk geroago, hurrengo goizean (hilak 19), mendira irteera bat abiatuko da 10.00etan Urkiolatik.

Hezkuntza eta enplegua

Zerrenda are luzeagoa da. Hezkuntza funtsezko eskubidea denaren uste osoarekin eta bestelako eskubideak gauzatu ahal izateko atea zein garapenerako estrategia dela konbentzituta, Intered Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta EGK-ko Astialdi Foroa koordinakundeak ikastaro bat antolatu dute. Zehatz-mehatz, hezkuntza inklusiboa jorratuko dute; berdintasunezkoa eta aniztasunarekin errespetutsua izango den hezkuntza, hain zuzen. “Gehituz heztea, aldaketaren formula” bataiatu dute ikastaroa, eta azaroaren 21ean eta 23an emango dute (astelehen eta asteazken), 17.30etan Bilboko EGK-ko egoitzan. Hezkuntza ez-formalean ari diren pertsonentzat bideratutako saioak dira.

Enpleguak ere pisu handia izan du beti Gazteriaren Kontseiluaren jardunean, eta urteurrenean ere hala izango du, “Gazteria eta enplegua: etorkizunerako eredu berriak eraikiz” jardunaldian. Tailerra azaroaren 22an egingo da (asteartea), goiz eta arratsaldez Bilboko La Bolsan. Enplegu-prekarietatea eta adina, jatorria eta generaoren arabera duen eragin ezberdina aztertzeko, hitzaldi bat eskainiko du EHUko Mertxe Larrañaga irakasleak; ondoren, hausnarketa-tartea irekiko da. Bazkalostean, hainbat gizarte-kolektibok enplegu-arloan dituzten proposamenak aurkeztuko dituzte, hala nola Hiritatasunerako Oinarrizko Errenta, asteko 21 orduko lan-jarduna, flexisekuritatea eta ekonomia feminista.

Argazki erakusketa

Astialdi taldeek eta eskolek egiten duten lana ikustarazteko eta balioesteko, Mundua txikituko duen belaunaldia… berriz ere erakitzeko kanpaina abiatu zuen iaz EGK-ko Astialdi Foroak. Aurten, bigarren fasean sartu da, “Belaunaldia II. Itzulera” izeneko argazki lehiaketa batekin. Orain, irudi horiek Donostiako Guardetxean ikusi ahal izango dira. Erakusketa irekitzeko, astialdi-eskolek festa bat antolatu dute, azaroaren 25erako (ostirala), 19.00etan Urgull mendiko aterpe berezi horretan.

Hamaiketako horren ostean, plater nagusia etorriko da: GAZTeazAROAren kolofoi-festa. Noiz? Azaroaren 26an (larunbata), Donostiako Kortxoenea gaztetxean. Bertan, Itziarren Semeak, Vitesse (elfonegro), Nazidos para joder (NPJ) eta Karrocerías Betoño taldeek jarriko dute musika eta, gainerako guztia, Kortxoeneara joango garen guztiok jarriko dugu.

Baina dena ez da ospakizuna. Jardunaldi eta festa egitarau mamitsu honen ostean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gogor lan egiten jarraitu beharko du, itomen-ekonomikoari aurre egiteko. Guztiarekin ere, elkarte-sareak tinko segituko du gazte elkartegintza sustatu eta babesteko, eta beste urte asko betetzeko. Azpimarratu duenez, beharrezkoa baita gazte-elkarteen bilgune bat eta, finean, gizarte eraldaketaren alde lan egiten duten gazteak artikulatzen dituen topagune bat.

25 urte sareak josten

Ia ikusezinak dira; finak, ukiezinak, hautemanezinak: hariak. Leunak, bai. Baina elkar gurutzatuak sare boteretsuak osatu ditzaketen hari leunak. Eta hori da Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, gazte-elkarteen plataformak, 25 urtetan zehar egin duena: hariak elkar gurutzatu. Matazak ehun bihurtzen saiatu. Josi. Orratza hartu, beharrezkoa denean, eta josi: plataformak ehundu, elkarte-sareak haritu, jendarte mugimenduak lotu, gazteria-eragileen artean zubiak eraiki. Hori, eta gazteen eskubide politiko eta zibilak zein eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak aldarrikatu; maiz, gazte izate hutsagatik urratzen zaizkiolako gazteriari eskubide horiek guztiak.

Josi, bileren bitartez; lantaldeen bitartez; topaguneen bitartez. Hariak bezain hautemanezinak diren loturak sortuz; sare boteretsuetan bilakatu daitezen.

Josi, argitalpenen bidez, irratsaioen bidez, prentsaurerkoen bidez, ikastaro, tailer, jardunaldien bidez; lokalak, euskarriak eta materiala utziz.

Eta 25 urte daramatza horretan. 1986ko maiatzaren 27az geroztik.

Zenbaki gorrien garaiak dira ere Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarentzat. Baina gazte-elkarteen sareak haria orratzean sartzen jarraituko du. Josteko. Pertsona gazteak artikulatzen laguntzeko. Elkartegintza delako jendarte-eraldaketarako bide bakarra.

Ateak zabalik daude.

Ospatzeko, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik jardunaldi, topaketa eta jai egitarau zabala antolatu dugu. Hemen duzue. Disfrutatu!!!

Azaroaren 2an, asteazkena, 19.00etan Bibat aretoan, Gasteiz:
25. urteurrenaren
aurkezpen publikoa. 
Nömadak Tx kontzertua.

Azaroaren 4an, ostirala, 17.00etan Craj-en, Donostia:
Planoetatik kalera: lurralde antolamendua birplanteatzen
jardunaldia.

Azaroaren 11n, ostirala, Donostia (lugar y hora por confirmar):
Kulturartekotasun
jardunaldia.

Azaroaren 12an, larunbata, 09.00etan Simone de Beauvoir elkarte-etxean, Gasteiz:
Gazteria politikei buruzko Gasteizko Foroa. Gazteak portadan: gazteak komunikabideetan… eta gazteen komunikabideak

Azaroaren 15a, asteartea, La Bolsan, Bilbo:
Planoetatik kalera: lurralde antolamendua birplanteatzen jardunaldia.

Azaroaren 17an, 17.00etan Montehermoson, Gasteiz:
Planoetatik kalera: lurralde antolamendua birplanteatzen jardunaldia

Azaroaren 18an, ostirala, La Bolsan, Bilbon :
Boluntariotza Europan jardunaldia.

Azaroaren 19an, larunbata, 10.00etan Urkiolako elizatik: 
Mendira irteera.

Azaroaren 21ean (astelehena) eta 23an (asteazkena), 17.30etan EGKren Bilboko egoitzan:
Hezkuntza inklusiboa: Gehituz heztea, aldaketarako formula.

Azaroaren 22an, asteartea, 11.00etan Boluntan, Bilbo:
“Gazteria eta enplegua: etorkizunerako eredu berriak eraikiz”.

Azaroaren 25ean, ostirala, 19.00etan Guardetxean, Donostia:
Belaunaldia II. Itzulera. Astialdi hezitzaileari buruzko argazki erakusketaren irekiera-jaia. 

Eta azaroaren 26an, larunbata, Donostiako Kortxoenea Gaztetxean, 18.00etatik aurrera eta batere presarik gabe…  

EGKren 25. urteurrenaren kolofoi-jaia! 
NPJ (Nacidos para joder), Itziarren Semeak, VITESSE (elfonegro) eta Karrocerías Betoño taldeen kontzertuak. Bueno, eta azken orduko sorpresak…

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.