-
Gazteok emantzipatzeko ditugun arazoen aurrean eredu berriak bilatzea eta gizarteratzea izan da asmoa
-
2018an hasitako bidea Gasteizen eta Donostian egindako Hiruburuekin osatu dugu
Batez beste 24 urterekin emantzipatu nahi badugu ere, errealitatean 30 urterekin lortzen da. Sei urteko arrakala horrek bizitza-proiektu autonomoa hasteko zailtasuna islatzen du. Eta ez da bidezkoa. Horregatik, irtenbideak bilatzeko asmoz, bestelako neurri eta proposamenak jorratu eta Gazteak eta Etxebizitza 2019 txostenean bildu ditugu.
Etxebizitzaren gaia lehen lerrora ekartzeko 2019an lan-arlo berria sortu genuen eta urtean zehar eragile mordoarekin harremana egin da ohiko ereduetatik at garatutakoak ezagutzeko. Ostean, hauek enplegu eta etxebizitzako Emantzipa… Zer? lantaldean landu eta Gasteizen eta Donostian egindako Hiruburuetan kontrastatu dira.
2018an hasitako ibilbidea
Krisi ekonomikoak eztanda egin zuenetik gazteok are zailago izan dugu emantzipatzea. Horregatik, 2018an Europako beste herrialdeetan hau errazteko diseinatutako politikak eta sortutako ereduak aztertu genituen #EuroEmantzipatu ekimenean. Hurrengo pausua bertan identifikatutakoari jarraipena ematea eta gurean abian jarritakoak ezagutzea zen. Donostian egindako #GaztEmantzipazioa topaketa izan zen lehen urratsa. Bertan Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa ezagutu genuen.
Lan-ildoak finkatuagoak izanda, 2019an zehar administrazioetatik gazteoi bideratutako neurrietan jarri dugu fokua. Europako ereduak buruan izanda hemen zer aplika genezakeen aztertu nahi genuen. Gasteizen antolatutako Eta gazteon emantzipazioa? Hiruburuan UPV/EHUk belaunaldi arteko elkarbizitzarako duen programa aztertu genuen eta Donostian egindako Milaka Elkarbizitza Hiruburuan Usurbilgo Udalak Hiritik At kooperatibarekin elkarlanean diseinatutako Txirikorda proiektua. Nola ez, jardunaldi bakoitzean bertako udalak gazteei bideratutako programak ere aztertu ziren.
Gazteak eta Etxebizitza 2019 txostena
Dokumentuaren hasieran gazteon eta etxebizitzaren errealitatearen diagnostiko orokor bat dago, besteak beste Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako datuekin. Noski, hauek Emantzipa… zer? lantaldeak aztertu ostean. Ondoren, aztertu diren etxebizitza eredu desberdinak bildu dira gizarteratzeko eta ezagutarazteko. Hauen artean belaunaldi arteko eredua sakonago aztertu da, antolatutako bi topaketetan ere pisu berezia izan zuelako. Gasteizen eta Donostian izandako eztabaidetako ondorioek ere atal propioa dute.
Txosten hau bidean emandako beste pausu bat izango da. EGKtik etxebizitzaren gaia lehen lerroan jarri nahi dugu eta gaztek emantzipatzeko ditugun arazoei bestelako erantzun bat eman. Bai lantaldearen zein antolatutako ekimenen bitartez eredu gehiago ezagutu nahi ditugu, hauek gazteekin kontrastatu eta jorratutako ondorio, eskakizun eta hobekuntza-proposamenak administrazioei helarazi.
Edozein ekarpen, zalantza edo proposamen izanez gero idatzi etxebizitza@egk.eus helbidera edo deitu 944436143 (Luisa) zenbakira.