-
Praktika on hauek otsailaren 19a arte aurkeztu daitezke, etorkizunean ospatuko den Praktika Egokien Foroari begira
-
Gazte Agorak Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldeko gazteen arteko lankidetza sustatzen du
Gazte Agorak martxan jarraitzen du. Oraingo honetan gazteak hartzaile edo sustatzaile dituzten esperientzia eta praktikei buruzko proposamenak jasoko dira etorkizunean egingo den Praktika Egokien Fororako. Jardunbide egoki hauek bidaltzeko epea otsailaren 19an amaituko da. Eusko Ikaskuntzak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak (CJN-NGK) antolatzen dugu ekimen hau. Helburua gazte norbanako, eragile eta erakundeen arteko elkarlana lantzea da.
Etorkizunean ospatuko den Jardunbide Egokien Foroari begira proposamen hauek ezinbestekoak izango dira. Horregatik, antolatzaileok gazte-taldeak bide honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu beraien ekarpenak eginez. Gazteei bideratutako edo gazteek landutako esperientziak eta praktikak ezagutu eta zabaldu nahi ditugu.
Ekimen honekin jarraipena eman nahi zaio pasa den urtarrilaren 13an Gazte Agorak aurkeztutako txostenari. Txosten horretan lau arlo desberdintzen dira: hezkuntza (formala eta ez-formala), gobernantza (parte-hartzea eta ahalduntzea) sozioekonomia (ongizate materiala), eta euskara eta hizkuntza-politikak. Honek ez du esan nahi gai hauek lantzen ez dituzten praktika onak jasoko ez direnik, baina lehentasuna emango zaie txosteneko gaiak jorratzen dituztenei.
Otsailaren 19a arte aurkeztu daitezke jardunbide egokien proposamenak Eusko Ikaskuntzaren web orriaren bidez. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez aurkeztu daitezke.
Izen emate orria
Praktika Egokien Foroa apirilean egitea aurreikusten da, egoerak eta neurriek ahalbidetzen duten heinean.
Gazte Agora
Eusko Ikaskuntzak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak (CJN-NGK) martxan jarritako proiektua da hau. Epe luzeko begiradarekin sortu den ekimena da, 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen mugaz gaindiko lankidetza sortzeko. Azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko gazteek arazo, kezka, zailtasun eta erronka berdinak ditugu.
Egoeraren lehen analisi bat egin eta gero, Donostian, Iruñean eta Baionan parte hartzeko foroak egin ziren. Hortik, “Gazteen aniztasuna eta gobernantza-eredu berriak: Mugaz gaindiko gazteen lankidetzarako oinarriak” txostena aurkeztu da. Orain, txosten horri eta bertan jorratzen diren gaiei jarraipena eman nahi zaie ekimen honen bitartez.