Gazte Agora: Batzen gaituen norabidean. Abenduak 14 Donostian

29 October, 2019

Gazte Agora: Batzen gaituen norabidean. Abenduak 14 Donostian

Gaztea naiz eta gainera emakumea, horrek esan nahi du nire egoeraren arazoak bikoiztu egiten direla. Alde batetik, une honetan gaztea izateak gure bizitza-proiektuak aurrera eramateko zailtasun asko izango ditugula esan nahi du. Bestetik, gaztea izateari emakume izatea gehitzen badiogu zailtasunak areagotzen dira. Izan ere, zoritxarrez, parte-hartzea orokorrean maskulinoa da.

Eta egora hau da ez berria. Ni bezala hainbat gazte egoera honetan ikusi dira. Emantzipazio-tasa aztertzen badugu, ikus daiteke EAEn batez besteko emantzipazio adina ia 30 urtetan dagoela, zehazki 29,6.  Gaztetasuna 30 urtetan bukatzen bada, ba al daude emantzipatzen diren gazteak? Eskutik emanda doa enplegu egoera. Batez besteko soldatak 1.093€koak dira ―emakume gazteen kasuan 1.025€―; langabezia-tasa ia %20koa da, biztanleriako datuaren bikoitza; gazteon ia %30a lanaldi partzialean da eta ia bitik bat aldi baterako kontratupean. Nola ez, ezohiko kontratazio formulak gehitu behar dira egoera osatzeko: bekak, praktikak, beltzean kobratzea, ordu extrak, etab.

Baina gure kexkak eta bizitzako esparruetan behar ditugun hobekuntzak ez dira bakarrik bi gai hauetara mugatzen. Interesa eta gogoak ditugu hainbat esparrutan ekarpenak egiteko. Hori bideratzeko era ezberdinak daude eta horietako bat Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) da. Bertan, Enplegua eta Etxebizitzaz gain, beste hainbat gai jorratzen ditugu; Berdintasuna, Parte-hartzea, Bakea eta Bizikidetza, Hezkuntza… Espazio bat dugu gure ekarpenak administrazioetara helarazteko eta gure egoera hobetzen saiatzeko.

Horretaz gain, beste kontseilu batzuk daude, adibidez Nafarroako Gazteriaren Kontseilua (NGK). Uste duzue Nafarroako eta EAEko gazteon beharrak oso ezberdinak izango direla? Galdera honi erantzuteko eta hainbat gai jorratzeko asmoz, bi kontseiluok Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean gaur hainbeste gogoekin kontatzera natorren proiektua sortu zen: Gazte Agora.

Errealitate ezberdinak izan ditzakegu EAEn zein Nafarroa edota Iparraldean bizi garen gazteok, baina argi dugu amankomuneko beste hainbat gauza ditugula. Hori dela-eta, Gazte Agora proiektua martxan jarri dugu. Bertan gai ezberdinak jorratzeko topaketak egingo dira, azken finean komunekoak direnak saretzearen bidez kudeatu eta lantzeko.

Gazte Agora: abenduak 14 Donostian

Lehenengo topaketa abenduaren 14an izango da, Donostiako Miramar Jauregian, EAEko gazteok parte-hartzeko. Bertan, gure kexka guztiak partekatu eta proposamenak aterako ditugu. Aukera paregabea izango da gure barne errealitatean lantzeko ditugun gaien gaineko ekarpenak eta proposamen komunak ateratzeko. Bigarrena, 2020ko otsailean izango da Iruñean. Bertan, Nafarroako gazteen txanda izango da, haien errealitatearen eta egoeraren gaineko analisia eta proposamenak egiteko aukera izango dute. Hirugarren bat Baionan burutuko da 2020ko martxoan. Iparraldeko gazteek ere, haien errealitatea komunean jartzeko eta proposamenak ateratzeko.

Baina ezin gara gure lurraldetan bakarrik geratu, ezta? Haratago joateko asmoa dugu. Horregatik, 2020ko maiatzean, hiru topaketa hauetan ateratako guztia komunean jarriko dugu open space baten bitartez. Zergatik? Begi-bistakoa da. Gazteon egoera orokorra ikusteko aukera izango dugulako. Zein behar ditugun gure lurraldearekiko zehatzagoak direnak eta zeintzuk diren gure komuneko beharrak.

Behin aztertuta zeintzuk diren komuneko interes hauek, zelan bideratu eta zelan indarrak batu bilatu beharko dugu. Hori errazteko, hiru topaketetan gai berdinak jorratuko dira: Hezkuntza formala zein informala; Gobernantza: parte hartzea eta ahalduntzea; Sozioekonomia: ongizate materiala; eta hizkuntza: euskara eta hizkuntza politikak. Honek aukera emango digu gazteon saretze forma berriak sortzeko.

Proiektu honek aukera emango digu, lurralde desberdinetako gazteok helburu komunak identifikatu eta elkarrekin garatzeko gunea izango da, saretzeko gunea. Gazte norbanakoak, eragileak eta Euskadiko eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluek bat egiteko aukera izango da. Aniztasuna eta balio partekatuak izango ditugu. Lurralde berezitasunak eta lurraldeen arteko lankidetza izango dugu.

Ni banoa! Ez gelditu etxean, izena eman, egon behar dugu!

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2019-10-30
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.