Formakuntza Duala Hobeto Ezagutzen eskuragai webgunean

21 April, 2020

Formakuntza Duala Hobeto Ezagutzen eskuragai webgunean

  • Gazteon bizitza proiektuan duen eragina aztertu dugu galdetegi eta eztabaida-taldeen bidez

  • Genero-perspektiba txertatzea beharrezkoa da segregazio horizontala eta soldata arrakalarekin amaitzeko

Azken urteotan gazteon laneratzea ez da erraza izan. Formakuntza aroa amaitu ostean baldintza duineko lan finko bat aurkitzea ez da oso ohikoa, are gehiago krisi ekonomikoak eztanda egin zuenetik. Bide horretan, Formakuntza Duala Europa mailan erreferentea da eta Euskadin poliki-poliki errotzen ari da. Lehenik Lanbide Heziketan eta azken boladan unibertsitatean ere. Horregatik, eta 2018an jorratzen hasitako bidea garatzeko, 2019an zehar Formakuntza Duala Hobeto Ezagutzen txostena egin genuen Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK).

Prestakuntza-aldi honek heziketa-zentroan eta enpresan edo erakundean txandakatzen du bere jarduera. Hau da, ordu eta esfortzu handia eskatzen dio ikasleari. Horregatik, gazteon bizitza-proiektuan duen eragina aztertzeko asmoz lehenik bi Hiruburu egin genituen ―gazteak, politikariak eta teknikariak― gai bat jorratzeko mahai baten inguruan batzen dituen metodologia, eta bertan identifikatutakoa kontrastatu eta osatzeko iaz galdetegi bat eta hainbat ikastetxetan eztabaida-taldeak antolatu genituen.

Galdetegien eta eztabaiden emaitza

Esan bezala, aurkezten dugun txostenaren muina gazteen esperientzia izan da, bai zabaldutako galdetegiko erantzunen bai eztabaida-taldeen bidez bildua: batez besteko adina, hautatutako ikasketa-adarra eta profila, egunero egin beharreko kilometroak (ikastetxera zein enpresara), garraiobidea…

Hirutik bi ikasle lan kontratuarekin ari dira, autoz mugitu ohi dira, soldata ohikoena 500-750€ artekoa da (emakumeena baxuagoa) eta euskaraz egin ohi da. Hala ere Formakuntza Duala aipatzen denean ezin da pentsatu profil bakarrekoa dela. Barne aniztasuna buruan izatea oso garrantzitsua da.

Hezkuntza eredu honen alde egiteko arrazoiak ere aztertu dira, baita aurrez izandako espektatibek eta errealitateak non ez duten bat egiten. Nola ez, atal hauek hobetzeko eta gazteon bizi-kalitatea hobetzeko hainbat hobetze proposamen garatu dira, besteak beste: soldatak igotzea, ordutegiak arintzea, jarraipen gehiago egitea, egin beharreko funtzioak argitzea, beken erabilera mugatzea, etab.

[PDF] Formakuntza Duala Hobeto Ezagutzen txostena

Gazteon bizitza-proiektuan duen eragina aztertzen jarraitzeko eta hobetze-proposamenak mahai gainean jarri eta hauek beteko direla aldarrikatzeko, 2020an Formakuntza Duala aztertzen jarraituko dugu. Oraingo honetan Unibertsitatean izan duen errotzea aztertuz.

Informazio gehiago jakin nahi baduzu, 2020rako edozein proposamen edo informazio izanez gero edo dudarik edota ekarpenik izatekotan idatzi bizibaldintzak@egk.eus emailera edo deitu 945220601 (Oihana) telefonora.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.