Euskararen normalizaziorako pausuak emateko unea da - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

3 December, 2019

Euskararekin bat gure egunerokoan – Abenduak 3

  • Euskararen aldeko konpromisoa berretsi nahi dugu

  • Euskaraz ikasketak %100ean egiteko neurriak behar dira

Azken asteotan 2020an egingo den Euskaraldiari buruzko xehetasunak kontatzen joan dira. Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) hausnarketa oso interesgarri ikusten da, euskara erabiltzeko ohiturak eraldatzeko aukera ona izan daiteke-eta. Entitateetan jarriko da jomuga nagusia, 15 egunez konpromisoan sakon dezaten. Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da eta EGKtik gure egunerokoan Euskararekin bat bat egiten dugula eta hizkuntzarekiko dugun konpromisoa berretsi nahi dugula adierazten dugu.

2019an 21. Korrikaren aurkezpenean adierazi genuen bezala, gure egunerokoan euskara sustatzeko neurriak hartzearen alde egiten jarraituko dugu, besteak beste egindako bileretan aurrera eramandako proiektu eta egitasmoetan. Guretzat ohore bat izan zen Bilboko lehen kilometroa eramatea eta jakitun gara halako gertakariak ezin direla irudi hutsean geratu, lana egunerokoan egin behar dela.

Zentzu horretan, ikasketak %100ean euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzen dugu. Izan ere, goi mailako ikasketetan egun zailtasun handiak daude hala egin ahal izateko, bai Euskal Herriko Unibertsitatean zein Lanbide Heziketan. Hautazko ikasgaietan ez dago behar besteko eskaintza euskaraz burutzen duten ikasle kopuruari erantzun bat emateko eta hori ez da bidezkoa. Era berean, master eta graduondoko ikasketetan euskarazko eskaintza handitu behar da. Bestela, ikasle asko behartuta ikusten dira gaztelaniazko masterrak edo egin nahi duten masterra gaztelaniaz egitera, ez baitago euskaraz egiteko aukerarik.

Azkenik, egun unibertsitate eta Lanbide Heziketa esparruan euskararen egoera zein den jakiteko ikerketa sakon bat egitea beharrezkoa da, bai arlo kuantitatiboan eta baita maila kualitatiboan ere. Soilik horrela izango baita diagnosi gaurkotua eta, hau eskuan izanda, egoera hobetzeko neurri egokiak egitea errazagoa izango da.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.