-
Mugaz gaindiko Gazte Agora ekimenaren lehen foroetako ondorioak aurkeztu dira
-
Eusko Ikaskuntza, Euskadiko Gazte Kontseilua (EGK) eta Nafarroako Gazte Kontseilua (CJN-NGK) dira ekimen honen antolatzaileak eta EAE, Nafarroa eta Iparraldeko gazte norbanako, eragile eta erakundeen arteko elkarlana sustatzea dute helburu
-
Donostia, Iruñea eta Baionan ospatutako foroen emaitzak aurkeztu dira
Gazte Agora proiektuaren konklusio nagusiak aurkeztu dira, pasa den urtean eta 2019an EAE, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat gazterekin egindako topaketen ondoren lortu diren emaitzak aurkeztuz. Proiektuaren helburua Euroeskualdea osatzen duten hiru lurraldeetako gazte norbanako, eragile eta erakundeen arteko elkarlana sustatzen da.
Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazte Kontseiluak (CJN-NGK) eta Euskadiko Gazte Kontseiluak (EGK) antolatutako foro hauek gazteen kezka eta erronka nagusiak herrialdez herrialde identifikatzea ahalbidetu dute eta elkarlanerako oinarriak finkatu dira. Donostian, Iruñean eta Baionan ospatutako topaketa hauetatik ondorio desberdinak atera dira eta lau multzotan banatu dira: ongizate materiala, euskara eta hizkuntza-politikak, hezkuntza formala eta ez-formala eta gobernantza.
Maialen Olabek, EGK-ko presidenteak, eman dio hasiera aurkezpenari ongizate materialari buruz hitz egiten: “Euroeskualdeko gazteek zailtasun handiak dituzte bizi-proiektuak garatu ahal izateko. Ezinbestekoa da kalitatezko enplegua lortzea etxebizitza duin baterako sarbidea izateko. Bide horretan, uste dugu mugaz gaindiko elkargune sozioekonomikoak lortzea mesedegarria izan daitekeela”. Gainera, hezkuntzaren inguruan, komuneko esparruak sortzearen eta euskara bultzatzearen beharrak azpimarratu ditu.
Jarraian, Xalbat Alzugarayk, Eusko Ikaskuntzako gaztea, Euskal Herriko hizkuntza-politikaren egoera azaldu du. Euskararen garrantzia nabarmendu du, Euskal Herriko lurralde desberdinetako gazteak biltzeko komuneko tresna izanik: ”Euskara gure altxor komuna da, partekatzen eta deseatzen dugun tresna komunikatiboaz gain. Horregatik, bere erabilera bultzatzea ezinbestekoa da, beti ere gure aniztasuna mantenduz”.
Bestalde, Juan Gutiérrezek Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko Presidenteak gobernantzako blokea aurkeztu du: “Euroeskualdeko lurraldeen komuneko erronka gazteria ahalduntzea eta bere partaidetza eta bizi-proiektua garatzeko errekurtsoak izatea da. Horretarako, ezinbesteko tresna bezala identifikatzen dira baliabideen sustapena eta hornitzea eta parte hartzea oinarri duen heziketa, baita gazte erakundeen arteko elkarlana sortzea, eragina izateko eta erabakiak hartzeko gaitasuna lortzeko, Gazte Kontseiluen ereduetan bezala”.
Eusko Ikaskuntzatik adierazi denez “proiektu honetan ezinbestekoa izan da Udako Euskal Unibertsitatearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Euroeskualdearen babesa”. “Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu hau posible egin duten eragileei” amaitu dute.
Elkarlanean
Gazte Agorak martxan jarraitzen du eta horregatik datorren urtarrilaren 25etik aurrera espazio bat ahalbidetuko da Eusko Ikaskuntzako webgunean (www.eusko-ikaskuntza.eus) lau atal hauei buruzko praktika onen proposamenak jasotzeko. Asmoa proiektuari jarraipena ematea da eta beste mugaz gaindiko foro bat ospatu ahal izatea udaberrian, pasa den urtean aurreikusita zegoen bezala pandemia heldu aurretik.
“Gazteen aniztasuna eta gobernantza-eredu berriak: mugaz gaindiko gazte-lankidetzarako oinarriak finkatzen” emaitzen-txostena