Urteak dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) etxebizitza azterketa-gai nagusi duela, eta 2020tik, etxebizitza genero ikuspegitik jorratzen da. Aurreko urtean Etxeko Giltza Moreak. Etxebizitza sarbidea ikuspuntu feministatik jardunaldia atera genuen aurrera Donostia Udaleko Gazteriarekin elkarlanean. Izan ere, gazteek emantzipatzeko aukera urriak badituzte, egoera hau larriagoa da emakume gazteen kasuan, zorpetze handiagoak jasan behar baitituzte emantzipatzeko, batez ere gipuzkoarren eta gazteenen (18-24) kasuan. Aldiz, emantzipazio tasa altuagoa dute emakume gazteek (%22) gizonek baino (%14), hau da, emakumezko gazteak lehenago emantzipatzen dira gizonezkoak baino.
Aurten, topaketa horren bigarren edizio batean, Gasteizko Udalarekin batera, Gasteiz eta Arabako errealitatera hurbildu nahi izan dugu, bertan gazteak nola emantzipatzen diren aztertzeko.
Zein mekanismo daude horren atzean? Zer eragin du horrek emakume gazteek emantzipatzeko egiten dituzten aukeretan? Bikotekidearekin, familia ala beste pertsona batzuekin loturak, mendekotasunak eta zorpetze egoera handiagoak bizi al dituzte emakumeak etxebizitzarako sarbidean?
EGK-k, Gasteizko Udalarekin elkarlanean, fenomeno horren inguruan sakontzeko jardunaldi bat antolatu du, apirilaren 25ean, 18:30tatik 20:00tara, Gasteizko Emakumeen Etxean. Bertan, lehenik eta behin, gaiaren inguruan eginiko azterlana aurkeztuko da, datuez gain, urtarrila-otsailan zehar gai honen inguruan gazteek erantzuniko galdetegi baten emaitzak eta ondorioak bilduz. Ondoren, Formol Laborategiak jarraituko du, podcast antzerkitu baten bidez, umoretik hari berdinari tiraka.
Jardunaldira etortzeko nahikoa da izena ematea, https://labur.eus/etxekogiltzamoreak estekan ala www.egk.eus webgunean.
Informazio gehiago nahi izanez gero edo galderarik izatekotan idatzi etxebizitza@egk.eus berdintasuna@egk.eus helbidetara edo deitu 688737092 (Ane) / 615749929 (Leire) zenbakietara.