-
Gurean ditugun bestelako ereduei ikusgarritasuna emateko unea da
Beti berdina eginda bestelako emaitzak lortzea zaila da. Horregatik da garrantzitsua errealitatea azaleratzen duten datu ahalik eta eguneratuenak izatea ostean politika publikoen bitartez arazoei irtenbidea emateko, bizi dugun egoera hobetzeko eta gizarte bezala aurrera egiten jarraitzeko. Zoritxarrez, beti ez da horrela egiten eta gazteok emantzipatzeko ditugun arazoak dira adibide argiena. Aldaketa eta etxebizitza programa eta neurri berriak behar ditugu.
Etorkizuna garela hainbatetan errepikatu da, baina oraina ere bagara. Gure bizitza-proiektu autonomoa sortu nahi dugu, emantzipatu eta aro berri bat hasi. Horretarako, ordea, bi oinarri izan behar dira: enplegua eta etxebizitza. 2008ko krisi ekonomikoak gogor jo zien hauei eta, ordutik, ez dira oso sendoak: soldata baxuak, lanaldi partzialak, prekaritatea edo behin-behinekotasuna alde batetik; alokairu altuak, hipoteka bat lortzeko zailtasuna, etxebizitza eredu murritzak edo gentrifikazioa bestetik. Bestelako neurriak eta ereduak behar dira errealitate honi erantzuteko.
Izan ere egun gazteon batez besteko emantzipazio adina 30 urtetan dago, nahiko genukeena baino sei urte gehiago. Horregatik 2018an Europara begiratu genuen etxebizitza eredu berriak aztertzeko eta 2019an zehar gertukoago adibideetan jarri dugu fokua. Lanketa, zehazki, belaunaldi arteko elkarbizitzan jarri dugu. Funtzio nagusia gazte eta administrazioen arteko zubi-lana egitea dugunez zenbait ekitaldi eta deialdi antolatu ditugu etxebizitza lan-arlotik bertan gazteen partaidetza bermatuz. Ostean emaitzak hilabete hasieran aurkeztutako Gazteak eta etxebizitza 2019 txostenean bildu ditugu gizarteratzeko eta administrazioei eta arduradun politikoei aurkezteko.
Gasteizen zein Donostian egindako Hiruburuak dira, esaterako, gauzak ‘betiko moduan’ egitetik ateratzeko modu bat. Metodologia honekin gazteak, teknikariak eta politikariak mahaiaren inguruan elkartzen dira gaia elkarlanean jorratzeko, arazoak identifikatzeko eta kezkak eta proposamenak jorratzeko. Honela zeharkakotasuna eta ikuspegi zabalagoa lortzen dira. Eta jada abian dauden ekimenak eta ereduak gizarteratzeko, belaunaldi arteko elkarbizitza lantzen duten bi programa izan genituen: UPV/EHUk ikasleentzat Gasteizen ezarria eta Usurbilgo Udalak eta Hiritik At kooperatibak garatutako Txirikorda proiektua.
Belaunaldi arteko elkarbizitza ereduak ibilbide luzea izan du Europan eta gurean aplikatutako esperientziak oso interesgarria iruditu zitzaizkigun bi kolektiboren beharrei soluzioa ematen dion formula delako. Batetik, gazteok emantzipatzeko ditugun zailtasunei; eta, bestetik, sarritan etxebizitzak zahartzaroko beharrei ez diela erantzuten.
Eraldaketak etorkizunari begira
Txosteneko lehen atalean zehar etxebizitza egoeraren analisia aurkezten da, cohousing-a bezalako ereduak edo alokairu soziala bezalako proposamenak mahai gaineratuz. Guztia osatzeko eta gazteon errealitatea azaleratzeko zenbat datu plazaratzen dira: emantzipazio-tasa, diru-sarreren zein ehuneko bideratu behar den alokairura, etab.
Era berean, eta aipatutako zubi-lana egiteko, bi topaketetan egindako proposamenak jasotzen dira. Proposamen nagusia, etxebizitza programak eta neurriak diseinatzerakoan gazteon ahotsa kontuan izatea izan zen. Hau da, gazteoi bideratutako proiektu edo programak sortzerakoan gure hitza eta presentzia bermatzea. Soilik horrela lortuko baita gure errealitateari erantzungo dioten neurriak diseinatzea.
Etxebizitza aukera urritasuna, eskaintzan dauden alokairuen prezio altua eta gazteon ahalmen ekonomiko urria identifikatu dira emantzipatzeko ezintasunen arrazoien artean. Eta egoera iraultzeko etxebizitza hutsei bestelako erabilera emango dieten programak garatzea proposatzen da, esaterako alokairu sozialarekin.
Esandakoa osatzeko diseinatutako neurri eta emantzipazioa errazteko eredu desberdinak gazteon artean ezagutarazte programa eta zerbitzuak lantzea nabarmendu da. Badaude jada batzuk abian, baina ez dira oso ezagunak. Hori indartzea ezinbestekoa da. Egun bikotearekin emantzipatzea da ohikoena eta bestelako aukerak eskaintzea funtsezkoa da. Beti berdina eginda bestelako emaitzak lortzea zaila delako. Gurean baditugu bestelako eredua, hauei ikusgarritasuna ematea eta gazteon artean zabaltzea falta da.
Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2020-05-27
Artikulu originala Gazteberri Aldizkarian