Etxebizitza eta enplegu duin baten alde

Etxebizitza eta enplegu duin baten alde

2020an murgilduta gaude jada antolatuko ditugun proiektu eta ekimenak antolatzen eta, bide horretan, gazteon egoera eta testuingurua kontuan izatea ezinbestekoa da. Gazteen Euskal Behatokiak kaleratutako txostenak oso baliagarriak dira horretarako. Azkena Gazteen Adierazleak bildumako Euskadiko gazteen panoramika 2019 eta Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2018. Zoritxarrez ez da ez nahi eta ez merezi dugun egoera islatzen. Horregatik jarraituko dugu lanean etxebizitza eta enplegu duin baten alde.

Bizitza-proiektu autonomoa sortu ahal izateko beti aipatzen diren bi euskarri dira etxebizitza eta enplegua. Estuki lotuak daude gainera. Oraingoz, bietan pairatzen ditugun zailtasunak medio, apenas has dezakegu gure ibilbidea. Izan ere, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen %37a soilik dago emantzipatua, 2007tik tasa baxuena. Eta ez da ez dugulako nahi, gugatik balitz 23,7 urterekin emantzipatuko ginateke-eta. Are gehiago, %49,2ak emantzipazioa zapuztuko zaiola aurreikusten du.

Bizitza-proiektuari ekiteko ezintasuna

Zergatik ez den hala? Etxebizitza librea alokatzearen kostua inoiz baino altuagoa delako. GEBren datuen arabera EAEko batez bestekoa 1.051,3€ko da, lurraldeko hiriburuka aldaketekin: Gasteiz 1070,1€, Bilbo 1.075,6€ eta Donostia 1.305,2€. Datu hau, noski, gazteen batez besteko soldatarekin alderatu behar da: 1.164€koa 2018an, 2017an baino 71€ gehiago soilik. Eta emakumeen kasuan 132€ gutxiago batez beste.

Bertatik ateratzen den lehen ondorioa argia da. Etxebizitza librea alokatzeko 18 eta 29 urte bitarteko gazte batek bere diru-iturrien %88,3a bideratu behar du, %94,9a emakume gazteen kasuan eta %84,3 gizonezkoen kasuan. Horixe litzateke bigarren ondorio nagusia: emakume gazteek arrakala bikoitza pairatzen dutela, adin-tarte bereko gizonezkoek baino %10 gehiago bideratu behar baitute. Ez da pairatzen duten ezberdintasun egoera bakarra. Gazteok kontratatzeko ohikoa da aldi baterako kontratuak (%68,1, 2007tik tasa altuena) edo lanaldi partziala (%30) eskaintzea eta, azken honetan, emakumeen tasa altuagoa da: %39,6 eta gizonezkoena %22,1.

Eta honen aurrean, zer?

Testuaren hasieran adierazi dugun bezala, egoera hau ez da ez nahi eta ez merezi duguna. Horregatik Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) lan-arlo ezberdinetatik proiektuak eta egitasmoak garatzen jarraituko dugu gazteon beharrak mahai-gaineratzeko, hobekuntza-proposamenak administrazioari helarazteko eta aldaketak aldarrikatzeko.

  • Emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko neurriak beharrezkoak dira. Besteak beste, berdintasun planei duten garrantzia ematea eta hauek paper hutsean gera ez daitezen ikuskaritza eta jarraipena egongo direla bermatzea. Ildo horretatik, enpresekin pedagogia eta lanketa egin behar da segregazio horizontalarekin amaitzeko, politika publikoetan hezkidetza jorratu behar da enplegu batzuek duten feminizazioa saihesteko ―hauek baitira gizartean gutxiago baloratzen eta ordaintzen direnak―.
  • Gazteen lan baldintzak bermatu behar dira, prekaritateari amaiera emanez. Izan ere, Osalanen datuen arabera gazteok lan istripu bat pairatzeko aukera gehiago ditugu. Era berean, egiten diren kontratuei jarraipena egin behar zaie beka eta praktikak diseinatuak dauden helburuetarako erabiltzen direla bermatzeko, hau da, ikasketa edo formazioko azken pausu bezala eta ez lanpostuak betetzeko
  • Emantzipatzeko bestelako ereduak lantzen jarraituko dugu. Horietako batzuk dira etxebizitza komunitarioa, pisu solidarioak edota belaunaldi arteko elkarbizitza. Aurreko urtean belaunaldi arteko ereduan jarri genuen fokua, horretarako Hiruburu bi antolatuta: ‘Eta gazteon emantzipazioa?’ eta ‘Milaka Elkarbizitza’. Aurten, eredu desberdinak lantzen jarraituko dugu bide berriak ezagutzeko asmoz.
  • Etxebizitzarako sarbidea lantzea ezinbestekoa da. Datuek adierazi bezala, gero eta zailagoa  dugu gazteok emantzipazio prozesuari ekitea. Horregatik, berau zein nolako egoeran aurkitzen den eta honi erantzungo dioten neurri eta programak lantzea garrantzitsua da. Besteak beste, honako hauek dira aztertu beharreko batzuk: alokairu sozialak, dirulaguntza sistemak edo gazteen egoerara egokitzen diren alokairu neurriak.

Guzti honengatik, ezinbestekoa da gazteon ahotsa, iritzi eta ekarpenak jaso eta administrazioari helaraztea. Horregatik, EGKren enplegu eta etxebizitza gaiak jorratzen dituen Emantzipa… zer? lantaldera gonbidatzen zaituztegu. Aurten ere lanean jarraituko dugu etxebizitza eta enplegu duin baten alde gazteoi eragiten diguten neurri eta programei ekarpenak egiten, animatu eta hurbildu.

Edozein zalantzarekin bizibaldintzak@egk.eus edota etxebizitza@egk.eus helbidera idatzi edo 94 522 06 01/ 688 73 70 92 (Luisa) / 688 73 71 53 (Oihana) zenbakira deitu.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.