-
Uztailean egingo da bost eguneko bidaia unibertsitateko eta Lanbide Heziketa Goi eta Erdi Mailako zikloetako 30 ikaslerekin
-
Crumlin Road kartzela, Bakearen Harresia edo Derry herria bisitatuko ditugu, besteak beste
Europan indarkeria luze jasan duten hainbat leku enblematiko daude, horietako bat Ipar Irlanda. Etikasi programaren bitartez Lanbide Heziketako Goi eta Erdi Mailako zikloetako eta Unibertsitateko 30 ikasleri liburuetatik ikasitakoa sakontzeko, iragana ondo ulertzeko eta Ipar Irlandan gertatutakoari buruz xehetasun gehiago jakiteko aukera eskaini nahi diegu. Izen ematea martxoak 8 arte dugu zabalduta.
Izan ere, indarkeria gordina jasan duen hiri edo zonalde bat zuzenean eta pertsonalki bisitatzeak eta jazotako gertakizun traumatikoei buruzko istorioak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra du giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik. Uztailean egingo den bost eguneko bidaia hezitzaile honetan, besteak beste, Crumlin Road kartzela, Bakearen Harresia eta Derry herria bisitatuko ditugu. Egun hauetan zehar, gainera, ikusi, entzun eta hausnartutakoari buruz hitz egiteko dinamikak egingo dira, ikasitakoa elkarbanatzeko eta batak bestearen ikuspuntuak ezagutzeko. Iazko esperientzia albiste honetan laburtu genuen. Eta bideo honetan azaldu deialdia:
Entregatu beharreko dokumentazioa
Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako eta unibertsitate graduetako ikasleek (betiere 18 eta 30 urte bitartekoak) martxoak 8 arte eman ahalko dute izena ondorengo izen-emate fitxa hau beteta. Era berean, prozesua osatzeko martxoak 12rako ondorengo dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
- Proiektuan parte hartzeko arrazoiak aurkezten dituen motibazio eskutitza.
- Giza eskubideei buruzko hausnarketa pertsonal bat (900-1500 hitz artekoa). Ondorengo puntuak kontuan hartuko dira:
- Pertsona gazte honi Etikasi Programan parte hartzera animatu dien arrazoiak zehaztea.
- Originaltasuna eta sormena.
- Giza eskubideei buruzko hausnarketa pertsonal eta kritikoa
- Ingeleseko FCE-B2 maila erakusten duen ziurtagiria.
- Ikasgaiak egiten ari direla erakusten duen dokumentu bat (matrikula, adibidez).
Dokumentazioa aurkezten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleetatik egingo da lehen aukeraketa. Hauek elkarrizketa pertsonala izango dute martxoaren 30 eta 31n eta, bertatik, egingo da azken hautaketa. Ebazpena apirilaren 2an jakinaraziko da, formakuntza saioa apirileko azken astean izango da eta Belfastera bidaia uztaila hasieran.
Eta deialdiko xehetasun guztiak jarraian duzun PDFan topa ditzakezu.
Informazio gehiago nahi izanez gero, idatz iezaguzu bakea@egk.eus helbidera edo deitu 943429767/688737097 (Leire) zenbakira.