Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

20 June, 2017

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna

Gaur ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela-eta, EGKtik pasadan Bake lantaldean bizikidetzarako erronka bat bilakatu den gai honen inguruan izandako gogoeta batzuk banatu nahi ditugu.

CEAR-Euskadik argitaratu berri duen txostenaren arabera, egun, mundu guztian, “70 milioi pertsona inguruk utzi behar izan dute beren etxea, gerren, gatazken eta jazarpenen ondorioz”. Orain arte izandako zifrarik handiena da eta honek asilo krisi baten aurrean gaudela azaleratzen du. Euskal Autonomia Erkidegoan, “orain dela bi urteko datuekin alderatuta nazioarteko babesaren eskabideak hirukoiztu egin badira ere (163 izan ziren, eta 2016an, 500), oso kopuru txikia dira oraindik, krisi humanitario honen dimentsioekin alderatuz gero; izan ere, Euskadiko biztanleriaren %0,02 baino ez dira”.

Nazio Batuen Genevako Hitzarmenean 1951. urtean Errefuxiatuen Estatutua adostu zen. Akordio honen arabera pertsona errefuxiatu bat da arraza, erlijio, naziotasun arrazoiengatik edota gizarte talde zehatz bateko kide izateagatik edo iritzi politikoengatik pertsegitua izango delako beldurraren ondorioz, naziotasuna duen herrialdetik kanpo dagoena, edo eta aipatutako beldurrengatik, herrialde horren babesa jaso ezin edo nahi ez duena.

Espainia 1979.urtetik Genovako konbentzioko kidea da eta 2009. urtean Asilo Legea onartu zuen. Beraz Estatuak asilo-eskubidea bermatu behar du. Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsaleko 14. Artikuluak dioenez: “Pertsekuzioa denean, pertsona orok du eskubide beste herrietan babesa bilatu eta hura izateko”.

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako azken datuen arabera, hamar gaztetik zazpi errefuxiatuei laguntza eta etxebizitza ematearen aldekoak dira. Hala ere, Europar Batasunaren hitzarmenak betetzen ez diren bitartean, ezinezkoa da errefuxiatuentzat Europara legez eta ziurtasunez heltzea, ondorioz, babes bila datozen pertsonak beraien giza eskubideak arriskuan jartzen dituzte behin eta berriro.

Egoera honen aurrean, zer proposatzen dugu EGKtik?

  • Pertsona ororen Giza Eskubideen errespetuan oinarritua dagoen bizikidetza bultzatzea hezkuntzaren bidez (nazionalitatea zein den berdin duelarik).
  • Asilo-eskubidearen aldeko Estatuko hitzarmena betetzearen alde egitea.
  • Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen beharretan pentsatzea.
  • Komunikabideei argitasuna eskatu, informazioa kontrastatu eta iritzi kritiko bat eraikitzeko tresnak lantzea.

Gaur, ekainaren 20an, EGKtik geure laguntza eta babes osoa eman nahi diegu Errefuxiatuen eskubideen defentsan diharduten herri elkarte eta eragile guztiei, bereziki gazteek osatutakoei. Aldarrikatu nahi dugu babes bila dabiltzan pertsonen eskubideak errespeta daitezela eta haien gizarteratzearen alde egitea.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.