Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko komunikatua, Bilbon gazte batek jasan duen eraso faxistaren aurrean
Bilbo, 2015eko irailaren 2a. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan kezkatuta gaude gure inguruan ematen ari diren adierazpen neo-faxistak direla eta. Ez da gai hau lantzen dugun lehenengo aldia eta gogoratu behar da 2013ko abenduan hainbat udalerritan pintada arrazista eta xenofoboak eta propaganda faxista agertu zirenean komunikatu bat zabaldu genuela. Oraingoan ere idatzi bat aurkezten dugu eta gazte guztiei dei egiten diegu, eskuin-muturreko mugimenduei aurre egiteko eta bakea, errespetua eta justizia bezalako baloreak sustatuko dituen gizarte baten alde egiteko. Neo-Faxismoaren aurrean, gazteok batuta.
Gazte eragile bat garen heinean, kezkatuta gaude gure inguruan izaera nazi-faxista duten mugimendu ezberdinak antolatzen ari direlako. Horrela, ostiralean Bilboko Arangoiti auzoan eraso faxista bat gertatu zen: neonazi batzuek gazte bat lurrera bota, jipoitu eta laban bat erabiliz svastika bat eta 88. zenbakia markatu zizkioten besoan.
Eraso hau eta antzekoak izan daitezken guztiak irmo gaitzetsi behar ditugu, eta aurre egin behar diegu ere. Faxismoa ez da bromak egiteko erabili dezakegun jostailu bat. Ideologia kriminal baten aurrean gaude, eta mehatxu larria izan daiteke, garaiz aurre egiten ez badiogu eragin konponezin eta suntsitzaileak izan ditzakeelako.
Egoera honen eta biolentzia guztien aurrean, guztioi dagokigu (salbuespenik gabe), justizia, elkarbizitza, errespetua, elkartasuna eta bakea bezalako balorez betetako gizartea eraikitzeko elkartzea; ezberdin pentsatu, sentitu edo izateagatik biolentzia-adierazpenek lekua izango ez duten gizartea.
Horregatik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazte guztiei dei egiten die:
- Bakea, justizia eta errespetua sustatuko dituen gizarte bat eraikitzeko mobilizatu gaitezen. Gorrotoa eta biolentzia baino eragiten ez dituen mugimendu hauek gaitzetsi ditzagun.
- Ezberdin pentsatu edo sentitzen duenarekiko, tolerantzia, errespetua eta elkarbizitza balioak sustatu ditzagun.
- Gure gizartean gertatzen den Giza Eskubideen edozein urraketa gaitzetsi dezagun, baita hautemanezina dirudienean ere.
- Tolerantzia, errespetua eta elkarbizitza baloreak sustatzen dituzten erreferenteak bila ditzagun, eta kontrakoak arbuiatu.
- Gobernu eta administrazioei euren jokaerak barneratzaileak izan daitezela eska diezaiegun, eta bakearen defentsan, errespetuan, elkarbizitza eta faxismoaren aurkako jarreretan eredu izan daitezela.