Enplegua, gazteria eta aniztasun funtzionala jardunaldia Boluntan - EGK

11 May, 2017

Enplegua, gazteria eta aniztasun funtzionala jardunaldia Boluntan

Atzo arratsaldean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) Enplegu eta etxebizitza lan-arloak antolatutako ‘Enplegua, gazteria eta aniztasun funtzionala’ jardunaldia Boluntan ospatu genuen. Lehenik, hainbat gonbidatuk osatutako mahai-ingurua izan genuen. Marta Palenzuela (Enplegu eta Formakuntza teknikaria Lanbiden), Maite Eguskizaga (Bizkaiko Foru Aldundiko teknikaria), Pablo Moratalla (EHLABE), Nuria Fernandez (Lantegi Batuakeko langilea), Santi Martinez (CCOOeko Mugimendu Sozialen Idazkaria) eta Estibaliz Pérez de Beobide eta Jabier Riosek (Juventudes de Unidad Progresista – ONCE) Maialen Olabek, EGK-ko presidentak, planteatutako bi galdera hauei erantzuteko hamarna minutu izan zituzten.

Ostean, bertaratu zirenek galderak egiteko tartearen ondoren, hiru talde egin genituen aipatutako gaiei buruzko eztabaida txikiak sortzeko. Planteatutakoa horrela labur genezake:

  • Zein arazo dute laneratzerakoan aniztasun funtzionala duten pertsonek? Eta behin lana topatu dutenean?
  • Zein hobekuntza proposamen egingo zenuke?

Azkenik, talde bakoitzeko kide batek gainerakoei bere mahaian eztabaidatutakoa laburtu zien, bai adostasunak kontatuz bai bidean landutako ideia, proposamen, zalantza, kezka eta bestelakoak mahai gainean jarriz.

Ez dugu aukera galdu nahi bertaratu ziren guztiei eskerrak emateko. Horrelako jardunaldiak oso garrantzitsuak dira guretzat hainbat arrazoirengatik. Batetik, EGKren funtzioa egiten laguntzen digute, hau da, gazteen iritzia bildu eta ondoren administrazioei helarazi politika publikoetan eragiteko. Bestetik, gure diskurtsoa osatzeko lehen eskuko hainbat esperientzia bildu genituen eta geroko eztabaida eta mahai-inguruan proposamen eta eskari ugari bildu genituen. Eta, azkenik, aniztasun funtzionala bezalako kontzeptu eta gaiak gizarteratzen eta mahai-gainean jartzen laguntzen digutelako.

Orain etxerako lan potoloa dugu aurretik. Bildutako guztia hartu eta forma eman. Lasai egon emaitzaren berri emango dizuegula. Ohikoa den bezala, sare sozialetan gertutik jarraitu genuen eguna. Bereziki Twitter eta Instagram kontuetan.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.