Ematen al da hezkidetza Astialdian? ¿Hay coeducación en el Tiempo Libre Educativo? - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

12 February, 2020

Ematen al da hezkidetza Astialdian? 

  • Galdetegi bat sortu dugu Euskadiko gazteon esperientzia biltzeko eta orain arte egindako lan-saioak osatzeko

  • Otsailak 29ra arte izango da erantzuteko aukera

Berdintasuna zeharkako balore bezala jorratu behar dela aldarrikatzen dugu Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) eta politika publiko orotan txertatu behar dela. Bide horretan, hezkidetzak sekulako garrantzia du. Izan ere, hezkuntza funtsezkoa da pertsonen hazkuntza eta sozializazio prozesuan. Bai hezkuntza formalean zein ez-formalean hainbat balio eta jarrera ikasten eta barneratzen ditugu. Ematen al da hezkidetza Astialdian? Kontaiguzu galdetegian!

Hezkuntza gizartearen isla den neurrian, ematen diren genero-dikotomia eta genero arteko botere harremanak erreproduzitzen dira. Horregatik, #HaziakAstialdira proiektuaren bitartez, gazteok bizi izan dugun esperientzia ezagutu nahi dugu bertatik hobekuntza proposamenak eratzeko.

Hezkidetza hezkuntza ez-formalean

2018an hezkuntza formalean hezkidetzak izandako bilakaera aztertu genuen eta ondorioak BerdinHezi: Hezkidetzarako lehen urratsak izeneko dokumentuan bildu genituen. Gazteei euren esperientzia eta bizipenei buruz galdetu genien eta, bertako emaitza, eztabaida-taldeen bitartez osatu.

Ostean hezkidetza astialdi eremuan nola lantzen den aztertu nahi izan dugu. 2019an zehar hainbat talderekin lan-saioak antolatu ditugu euren errealitatea lehen eskutik ezagutu eta izan duen bilakaeraren berri izateko. Era berean, diagnostikoa osatzeko eta iritzi gehiago biltzeko, garrantzitsua iruditu zaigu lan-saio horietan parte hartu ezin duten baina astialdi espazioetan lanean zabiltzaten gazteen iritziak biltzea.

Horretarako galdetegi hau osatu dugu. Eskertuko genizueke osatzea zuen esperientziak mahaigaineratzeko eta identifikatzen dituzuen gabeziei hobekuntza tresnak proposatzeko. Ildo beretik, eta zuen inguruan zabaltzea ere eskertuko dugu, ahalik eta informazio guztia jasotzeko.

Hemen daukazu galdetegia

Bertan jasotako informazioarekin, EAEko astialdian ematen den errealitatearen azterketa txiki bat egitea da helburu, aurrera begira hezkidetzarako sortu daitezkeen mekanismo errealak abian jartzeko.

Edozein ekarpen izanez gero edo proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, idatzi berdintasuna@egk.eus  edo hezkuntza@egk.eus helbide elektronikora edo deitu 94 44 36 143 zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.