-
Ikasleen Kontseiluak egindako inkestaren arabera, gainera, 10etik 8 ez daude gustura irakaskuntza telematikoarekin.
EHUko Ikasleen Kontseiluak inkesta bat egin du ikasleen artean konfinamenduko lehenengo asteetan, eta emaitzek agerian utzi dute ikasleen gehiengo zabala ez dagoela gustura aurrez aurrekoak ez diren eskolekin.
Koronabirusaren pandemiaren ondorioz martxoaren 12an unibertsitateak ixtea erabaki zutenetik, EHUn ezarri den metodologiaren inguruan ikasleek dituzten zalantzak eta iritziak jaso dituzte galdeketa horretan.
Hori horrela, ikasleen % 81entzat “gehiegizkoa” da irakasleek jartzen dieten lan-karga, eta ia beste hainbeste (%80) ez dago gustura hezkuntza telematikoarekin.
Horren harira, ikasleen laurdenak baino gehiagok (%28,24) erantzun dute irakasle guztiak ez direla haiekin harremanetan jarri, eta %56,82k “soilik ikasgai batzuetan” jaso dituztela online klaseak. Gainera, 1etik 10erako eskala batean, 1 eta 3 artean ezarri dute ikasketa metodologiaren inguruaren irakaslearekin lortu duten adostasun maila.
Hala eta guztiz ere, “ikasle ugarik eskerrak eman dizkiete irakasleei, egoera zail honetan egiten ari diren lanagatik”, baina sistema nola hobetu daitekeen galdetuta, gehienek erantzun dute “irakasle guztiek” eman beharko lituzketela eskolak bideokonferentziaz.
Ez du aurrez aurrekoa ordezkatzen
Datuak eskuartean, Kontseiluak ondorioztatu du “arazo handiena” dela “irakaskuntza telematikoak ez duela behar den bezala ordezkatu aurrez aurreko irakaskuntza”, eta horri “gehiegizko lan karga” gehitu behar zaiola.
Bestalde, gogorarazi dute ikasle askok ez dutela “baliabide egokirik” ikasketak etxean egiteko, eta “ezinegon” handia sortu dela, ez dakitelako “azterketak egingo diren, noiz egingo liratekeen, Erasmusa egin ahal izango duten…”. Hori dela eta, “ahal bezain laster” erantzun bat emateko eskatu dute.
Bideokonferentzia gehiago
Kontseiluak hainbat proposamen helarazi dizkio EHUri egungo egoerari ahal den modu egokienean aurre egiteko.
Unibertsitateari ikasle guztiek “baliabide teknologikoak” edukitzea “bermatzea” eskatu diote, eta ikasleak ez behartzea “azterketa egiten duten bitartean webcamarekin grabatzera”, horren ondorioz sor daitezkeen konexio arazoengatik.
“Aurrez aurreko eskolen ordezko bakarrak” bideokonferentziak izatea, “irakaskuntza gidak benetan egokitzea”, “etengabeko ebaluazio erreala egitea lanen bitartez”, eta lauhileko honetako ikasgaien matrikula itzultzeko aukera emate eskatzen dute, besteak beste.
EHUko Ikasleen Kontseiluak apirilaren 1etik 5era egin zuen inkesta, eta 9.310 erantzun jaso zituen, matrikulatuta zeudenen % 23,06 hain zuzen ere. 12 galderako sortari erantzuteko unibertsitateko saioa irekitzeko gakoa sartu behar zen.