Gazteriak bizi duen lan-prekarietatea naturaltzat jotzen da gaur egun, baina ez da inondik inora ere onargarria. Beharrezkoa da gazteon lanpostuak kalitatezkoak izatea lan sektore guztietan, bizitza proiektu duinak sortu ahal izateko. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) aurtengo urriaren 7an ere, Lan Egokiaren Nazioarteko Egunean, beharrezkoa ikusi du gazteek praktikaldien bi modalitate nagusien —praktikaldi arrunta eta formakuntza duala— arteko ezberdintasunak ezagutzea eta azaleratzea eta horretarako, triptiko bat sortu du.
Dokumentu honek ikasleon eskubideak ezagutaraztea eta lan-praktiken kalitatea azpimarratzea du helburu. Ez dugu ahaztu behar gure lana eta gure denborak balio dutela, eta ditugun eskubideak betetzea eta bermatzea ezinbestekoa dela!
Modalitate bakoitzak lan-esperientziaren kalitatean eta eskubideetan eragin zuzena du:
- Formakuntza dualak eskubide laboral eta sozial sendoagoak bermatzen ditu, ordainsaria eta babes osoa emanez,
- Praktikaldi arruntak, berriz, eskubide mugatuagoak eta babes soziala apalagoa eskaintzen ditu.
Bi modalitateen ordainsaria, lan orduak eta atsedenak, gizarte segurantza, segurtasuna eta hezkuntza eta lanaren uztarketa bezalako funtsezko aspektuak landuko ditugu, praktikaldi arruntak eta formakuntza dualaren arteko ezberdintasunak azalduz.
Ez galdu aukera hau! Kontsultatu gure triptikoa, ezagutu zure eskubideak eta parte hartu lan egokiaren aldeko apustuan!