15 July, 2022

Bost egunez Belfasten izan gara Etikasi programarekin

  •  Holywood Family Trust-eko gazteekin topaketa bat egin dugu eta Bakearen Harresia eta Derry herria bisitatu ditugu, besteak beste.

  • Unibertsitateko ikasleak izan dira bidaia honen partaideak 18 eta 24 adin artekoak. Bidaia hezigarrien bitartez gazteek etikari eta giza eskubideei buruz ikastea da programaren helburua.

Belfastetik itzuli berri gara eta oraindik bost egun hauetan ikusitako eta ikasitako guztia barneratzen gabiltza. Unibertsitateko ikasleekin liburuetatik ikasitakoa sakontzeko, iragana ondo ulertzeko eta Ipar Irlandari buruz ezagunak ez zitzaizkigun xehetasunak hobeto ezagutzeko hainbat bisita egin ditugu. Kartzelan, Bakearen Harresian eta Derry herrian izan gara.  

Izan ere, Etikasiren bitartez gazteek etikaz eta giza eskubideez ikastea da asmoa, besteak beste indarkeria jasan duten Europako lekuetara bidaia hezigarriak eginez. Egun hauetan zehar, gainera, ikusi, entzun eta hausnartutakoari buruz hitz egiteko dinamikak garatu dira, ikasitakoa elkarbanatu batak bestearen ikuspuntuak ezagutzeko.

Bidai hezigarri hauek, mundua beste begirada batetik ikustea eta beste pertsonen lekuan jartzea ahalbidetzen digu. Izan ere giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizun traumatikoei buruzko istorioak ezagutzeak, potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka. 

Garrantzitsua da pertsona gazteek motibazio politikoko indarkeria nola izan zen ezagutzea eta hausnartzea, etorkizunari begira berriro gertatu ez daitezen giza eskubideen urraketak. Etikasi Programako deialdi honetan, Ipar Irlandako historia hobeto ulertzeko aukera izan dute, baina ikasitakoak munduko beste herrialde zein gatazkan aplikagarriak diren balore eta giza eskubideekiko errespetua sustatu dira.

Bukatzeko, topaketa berezi bat antolatu genuen Holywood Family Trust-eko gazteekin. Bertan, gazteek elkartrukerako eta hausnarketarako aukera izan zuten.

Ipar Irlandako esperientziaren ondoren, urrian programaren bigarren zatiari ekingo zaio: gazteak asteburu batez Pasaia eta Errenterian izango dira. Oso garrantzitsua izango da Ipar Irlandan ikusitakoaren ondoren, programaren bigarren zatian, Euskadiko egoerari buruz egiten dituzten hausnarketak lantzea, bake positibo eta bizikidetza bultzatzeko..

Etikasi programari buruz gehiago jakin nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta idatzi bakea@egk.eus helbide elektronikora edo deitu 945220601 / 688737097 (Ainhoa) telefono zenbakira.

 

             

 

           

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.