-
Crumlid Road kartzela, Bakearen Harresia edo Derry herria bisitatu ditugu, besteak beste
-
Unibertsitateko lehen mailako eta Lanbide Heziketa Goi eta Erdi Mailako zikloetako ikasleekin
Belfasten izan ostean itzuli berri gara Etikasi programaren barnean bertara egindako bidaiatik eta oraindik bost egun hauetan ikusitako eta ikasitako guztia barneratzen gabiltza. Unibertsitateko lehen mailako eta Lanbide Heziketa Goi eta Erdi Mailako zikloetako ikasleekin liburuetatik ikasitakoa sakontzeko, iragana ondo ulertzeko eta Ipar Irlandari buruz ezezagunagoak diren xehetasunak hobeto ezagutzeko hainbat bisita egin ditugu. Besteak beste, Crumlin Road kartzela, Bakearen Harresia eta Derry herria.
Izan ere, Etikasiren bitartez gazteek etikaz eta giza eskubideez ikastea da asmoa, besteak beste Europako leku enblematikoenak edo indarkeria luze jasan duten lekuetara bidaia hezigarriak eginez. Egun hauetan zehar, gainera, ikusi, entzun eta hausnartutakoari buruz hitz egiteko dinamikak egin dira, ikasitakoa elkarganatzeko eta batak bestearen ikuspuntuak ezagutzeko.
Belfasten ezagututakoa
Lehen geldialdia Crumlin Road-en egin genuen, 150 urtez kartzela izandakoa eta 1996an ateak itxi ostean egun museoa dena. Gatazkaren urte gogorrenetan errepublikano, unionista eta lealistak kartzelatuta egoten ziren epaituak izan aurretik.
Ostean Bakearen Harresia (Peace Walls) bisitatu genuen, bertan dauden mural eta sinboloak ezagutzeko. Bisita Ipar Irlandako gatazkan parte hartu zuten preso ohiek egin ziguten. Honela, gainera, lehen eskuko testigantzak ezagutzeko aukera izan genuen.
Derry-ra bisita
Igande Odoltsuagatik famatu egin zen Derry herria bisitatzeko aukera ere izan genuen. Bertan, egun horren gertatutakoa oroitzeko sortutako museoa (Free Derry) ezagutu eta biktima batekin hitz egiteko aukera izan genuen. Museoa 1968 eta 1972 urteen artean jazotako gertakarietan zentratzen da. Derryko historia osatzeko, ikasleek Tower Museum-a eta Bakearen Zubia bezala ezagutzen dena ere ikusi zituzten, bi komunitateak sinbolikoki eta fisikoko gerturatzeko aukera ematen duen zubia.
Iraganena gertatutakoa osatzeko eta topaketa berezi bat antolatu genuen Holywood Family Trust-eko gazteekin. Bertan elkartrukerako eta hausnarketarako aukera izan zuten. Informazioa eta galderak bi noranzkoetan izan ziren etengabe, eta topaketa amaitzean gazteek entzundako egoerari buruz hitz egiten jarraitu zuten harrituta, hunkituta eta batez ere interesatuta.
Ezin da ahaztu azken finean Etikasiren helburua etika eta giza eskubideei buruz ikastea dela, beraz oso garrantzitsua izango da Ipar Irlanda ikusitakoaren ondoren ikasleek Euskadiko egoerari buruz egiten dituzten hausnarketak lantzea. Bidaia hezitzaileei buruz, Etikasi programari buruz edo Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) bake eta bizikidetza lan-arloan egiten dugunari buruz gehiago jakin nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta idatzi bakea@egk.eus helbide elektronikora edo deitu 943 42 97 67 telefono zenbakira.