• Gazte elkarteen sareak espazio hauen lana aldarrikatu du.
• Barakaldoko gazte eta herritarrei babesa adierazi die erakundeak
Vitoria-Gasteizen, 2014ko abuztuaren 28an. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Barakaldoko Kobazulo gaztetxearen utzaraztea salatu du, joan den ekainaren 7an okupatu zena Las Cuevas jatetxean zegoen lekuan, urteak hutsik zeramatzan lokalean. Gaztetxearen itxiera 26aren goizean burutu zen eta Barakaldoko Instrukzioko 3. Epaitegiaren aginduz. Hau betetzeko, Ertzaintzak Portu kaleko lokalean agertu zen sarrailak aldatzeko lokalaren jabeekin batera. 2003an bi gaztetxe itxi zituztenetik, Barakaldoko gazteek ahaleginak egin dituzte gaztetxe bat eskuratzeko, baina saiakera guztiek emaitza berdina izan dute. Oraingoan, Ertzaintza ia egunero hurbiltzen zen gaztetxera aste honetan itxi arte. Egoera hau salatzeko, Barakaldoko gazteek atzo arratsaldean Bide Onera plazan elkarretaratzea egin zuten. Hori guztiaren aurrean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Barakaldoko gazteei babesa helarazi nahi die eta honakoa adierazi:
1) Gaztetxeak gazteriaren parte-hartze eta auto-antolakuntza guneak dira. Bertan, gazteen emantzipazioa bideratu eta hiritartasun aktibo bat bultzatzeko gaitasunak sustatzen dira, betiere gizarte eraldaketarekiko konpromisoa landuz. Autogestioa, gizarte mobilizazioen aktibazioa, asanblada eta bileretan parte hartzea, eginbeharren banaketa eta auzokide eta eragileekiko elkarrizketan aritzea suposatzen du gaztetxe batean parte hartzeak. Horrekin batera, jarrera kritiko baten garapena, komunikabideekiko harremanen kudeaketa, komunikazio tresna propioen sorkuntza eta beste hainbeste oinarrizko gaitasunen garapena ere badakartza, horiek guztiak ikuspegi kolektibo batetik hiritartasun aktibo bat gauzatzeko beharrezkoak.
2) Espazio eta zerbitzu publikoek ez diete beti gazteon behar, nahi, kezka eta errealitateei erantzun egokia ematen. Administrazio ezberdinek proposatutako zerbitzuek aurkezten dituzten ordutegi, baldintza eta edukien aurrean, Euskal Herriko milaka gazte hogei urte baino gehiago daramatzate gaztetxeetan antolatzen, kontsumoan oinarritutako aisialdiaren aurrean alternatibak sortzen. Bere denbora librearen norabidea erabakitzen dute, kanpotik datozkion eskaintzen hartzaile pasibo izan beharrean. Jardunaldiak, hitzaldiak, bideo-forumak, kontzertuak, eztabaidak, ikastaroak, musika taldeak, antzerki konpainiak, mobilizazioak eta jaiak antolatzen dituzte, besteak beste. Eta, hori guztia, hierarkikoak ez diren antolatzeko moduak baliatuta.
3) Jabetza pribatua interes publikoaren gainetik gailentzen den hiri-testuinguru batean, hutsik (eta, askotan, utzita) dauden lekuei erabilpena ematen diete gaztetxeek, auzoak, herriak eta hiriak suspertuz.*
Hori guztiagatik, gaztetxeak beharrezkoak direla uste du gazte elkarteen sareak. Era berean, Barakaldoko Kobazuloren utzarazpenaren aurka mobilizatzeko eta gaztetxeen alde kalera ateratzeko deia egin die gazteei Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak.
Animo eta aurrera, gazteak!
*Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren 31. Batzar Orokorrak onartutako testua, Donostian, 2012ko martxoaren 10ean.