Ate bat bezala irekitzen den “B” letra, ezberdina den errealitate bat ezagutzera gonbidea egiten diguna, horrelakoa da Euskadiko Gazteariaren Kontseiluaren (EGK) Bake eta Bizikidetza lan-arloaren irudi berria (horregatik ere gure kolore korporatiboak mantentzen dira, urdina eta laranja eta hauei txuria gehitzen diogu, dudarik gabe “bakearen” kolorea dena). Kontseiluak ildo hau uda hasieran berreskuratu zuen Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin hitzarmen bat sinatu ondoren. Hau dela eta, EGK 2013-2016rako Bake eta Bizikidetza Planeko gazteekin lotura duten ekintzen antolatzaile eta kudeatzailea da. Urriaren 2a Indarkeria Ezaren Nazioarteko Eguna da, Mahatma Gandhiren jaiotzaren urteurrena ospatzen delako, eta logotipo hau ezagutzera emateko data ezinhobea zela uste dugu.
Martxan da lan eremua honetan aurrera eramango dugun lehenenego ekintza, Bakeahots webgunea. Espazio birtual honetan, gazte guztiek eta gazteriarekin lan egiten duten taldeek Euskadiko bake eta bizikidetzaren inguruko euren testigantzak, esperientziak eta ikuspuntuak hainbat disziplina artistikotan (arte grafikoak, ikus-entzunezkoak, pintura, eskultura, argazkilaritza eta literatura) elkarbanatzeko tokia. Azken hamarkadetan Giza Eskubideak zapalduak izan dira eta indarkeria politikoak banatu du gure gizartea. www.bakeahots.org web orrialdearen bitartez, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek modu librean bizi izan dutena esateko aukera izango dute. Gainera, gaur egungo egoeraren inguruko ikuspuntuak eta etorkizunerako itxaropenak kontatzeko tokia izango dute, indarkeria eza, gertatutakoa ez errepikatzeko eta bakearen kultura bultzatzeko helburuarekin.
Hurrengo asteetan Bake eta Biziketza arloan burutuko den programa beste bi ekintzekin osatzen da. Hasteko, formakuntza hiru saio antolatuko dira, bakoitza euskal hiriburu batean, gazteekin bizikidetza, Giza Eskubideak eta gatazken ebazpena lantzeko. Bigarren ekintza hiru topaketa izango dira, non gazteek bakea eta bizikidetzaren inguruko euren ikuspuntuak elkarbanatzeko aukera izango duten. Bake Ibilbideak deituriko ekimen honetan, gazteak euskal hiriburuetako hainbat lekutan ibiliko dira, iragana, oraina eta etorkizunarekin lotura duten txokotan.
Ekintzak doakoak dira eta garraiorako gastuak ordainduko dira. Gazteek izena eman dezakete dagoeneko bakea@egk.eus helbidera email bat bidaliz edo 943-429767 telefonora deituz.