-
Ur Kideak Aisialdi Taldea kide berri bezala onartu da eta, orain, 58 elkartek osatuko dute EGK
-
“Indarkeria Matxista eta Indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloaren” berrikuspena egingo da 2020an zehar
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) martxoaren 7an ospatu duen 40. Batzar Orokorrean hainbat erabaki garrantzitsu hartu ditu. Gazte, gazte-elkarte eta administrazioen arteko zubi-lana egiteko helburua garatzeko 2020rako lan lerro nagusiak adostu dira. Bide horretan, elkarteek aurkeztutako zenbait proposamen eta “Indarkeria Matxista eta Indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloaren” berrikuspena, besteak beste, onartu dira. Gazteriarentzat garrantzizkoak diren gaietan diskurtsoa osatzeko eta eguneroko funtzionamendua aro berrietara egokitzeko erabakiak hauek izan dira:
- Batzorde Iraunkorrak Berdintasun protoloko osoaren berrikuspen bat egiteko proposamena: Indarkeria Matxista eta LGTBI+ fobikoaren aurkako Berdintasun protokoloaren bitartez EGK-k 16 eta 30 urte bitarteko gazteei eragiten dieten eraso matxista eta LGTBI+fobikoak salatzeko adierazpen publikoa egiten du. Hausnarketa honen bitartez edukia eguneratuko da.
- Batzorde Iraunkorrak parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtera jaisteko proposamena: parte-hartze eredu berrietara moldatzeko helburuarekin, antolatutako ekitaldi eta proiektuetan parte hartu ahal izateko adin tarteak moldatu dira. Hemendik aurrera lantalde, proiektu, Batzorde Iraunkor zein ekimenetan 16 urtetik 30 urtera parte hartu ahalko da.
- ECO-AGCk EGK-ko elkarteen bozkatze sistema aldatzeko egindako proposamena: EGK osatzen duten elkarteek bozkatzeko dituzten aukerak moldatzeko EKO-ACG elkarteak estatutuen eraldaketa proposatu du.
Horretaz gain, Bilboko La Bolsa auzo etxean (John Jauregian) egindako batzarrean Ur Kideak Aisialdi Taldea onartu da eta, beraz, orain 58 elkartek osatuko dute EGK. Egun Batzorde Iraunkorra honakoa da:
- Presidentea: Maialen Olabe Aguirre (Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundea).
- Presidenteordea: Beñat Olave (Bizkaiko Gurutze Gorria Gazteak).
- Diruzaina: Aimar Rico (Uzturre Gazte Bilgunea).
- Bokalak: Kale Dor Kayiko, Gazte Abertzaleak eta Eusko Gaztedi.
Azkenik, 2019an burututakoaren memoria, kontu ekonomikoak eta 2020ko aurrekontua eta lan-plangintza onartu ditu eta, beraz, honako lan-arloak jorratuko dira: etxebizitza, enplegua, hezkuntza (formala zein ez-formala), partaidetza, berdintasuna, bakea eta bizikidetza eta komunikazioa.
EGKren egunerokotasuna jarraitzeko, www.egk.eus webgunean sartu, Piztu! buletinean harpidetu edo Facebook, Twitter eta Instagram orrialdeak jarraitzea gomendatzen dugu.