Aldaketa handiko eta proiektu mordoko urtea

2 July, 2018

Aldaketa handiko eta proiektu mordoko urtea

2018a aldaketa urtea izan da Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) bake eta bizikidetza lan-arloan. Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin sinatutako hitzarmen berriaren baitan agenda aldaketa eman da.

Pasa den urtean Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarekin (CJN-NKG), Kataluniakoarekin (CNJC) eta Espainiako Gazteriaren Kontseiluarekin (CJE) batera, Tindouf probintzian kokatutako Saharako errefuxiatuen kanpamentuak bisitatu genituen formakuntza bat emateko. Itzuleran, esperientzia elkarbanatzeko asmoz, bideo bat osatu genuen eta martxoa amaieran, Arabako SEADen Lagunen Elkartearekin batera, “Gazteriaren parte-hartze aktiborantz: Sahara-Euskadi esperientzia-elkartrukea” jardunaldia burutu genuen Gasteizen. Jardunaldiaren helburua nagusia Saharar gazteria eta Euskadiko gazteriaren esperientzia-elkartrukea egitea izan zen, gizartean gazteen parte hartzea handiagoa izatea lagun dezaketen tresnak identifikatzeko.

2018 benetan berezia

Proiektu berrien artean Etikasi, etikari eta giza eskubideei buruz ikasteko programa, izango da pisu handienetakoa izango duena. Honen barnean indarkeria larriak jasan dituzten Europako leku enblematikoetara bidaia hezitzaileak egingo ditugu. Besteak beste, Auschwitz (zehazki oraintxe) edo Ipar Irlandan izango gara esperientzi pilotua diseinatzeko beharrezko informazio eta materialak osatzeko.

2014-2016 hitzarmenari jarraipena

Hala ere, aurreko hitzarmenetan landutako proiektuak ez ditugu ahaztu. 2014 eta 2016 bitartean egindako proiektu, egitasmo eta ekintzak sakon azaltzen duen ‘Gazteon aukera’ dokumentala egin ostean,hainbat proiekzio antolatu ditugu parte-hartzaileen eskari, proposamen eta planteamenduak mahai-gainean jartzeko. Lehenik, Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian; ostean BilboRocken Foro Sozialarekin elkarlanean antolatutako jardunaldian; eta, azkenik, gure webgunean eskegita.

Urte amaiera arte hainbat proiektu ditugu esku artean. Adi ibili laster joango baikara kontatzen azken berriak. Beti bezala, gure lanari buruz gehiago jakin nahi izanez gero edo proposamen edo iradokizunik izanez gero, bakea@egk.org helbidera idatz dezakezu edo 943 42 97 67 zenbakira deitu.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.