‘Mugarik gabeko aniztasuna’ gida aurkeztu dugu

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Mugarik gabeko aniztasuna gida aurkeztu du gaur goizean. Hezkuntza eta Parte-hartze lan arloetatik gidatuta, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean hezitzaileentzako sortutako gida-bildumaren bigarren ale honen asmoa bikoitza da: batetik, Aniztasun Funtzionalaren gaia gizarteratzea; eta, bestetik, hezkuntza ez-formaleko hezitzaileentzako erreferentziazko euskarria izatea.

Gida Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmen markoan burutako proiektuetako bat da. Aurrez, 2017an zehar, Aniztasun Funtzionala lantzeko gida batek beharrezko izango lituzkeen gazte ikuspegiko osagaiak identifikatu, eragileekin harremanetan ezarri eta gida errealitate bilakatzeko pausoak eman ziren. Horretarako APDEMA, APNABI. Autismo Bizkaia, ASPACE Bizkaia, ASPACE Gipuzkoa, Atzegi, Bizkaiko Urtxintxa Eskola, EDEKA, Euskal Gorrak Gazteak, Euskal Herriko Down Sindromearen eta bestelako Adimen Urritasunen Fundazioa, FEVAPAS, FEVAS. Plena inclusión Euskadi, Gautena, Gorabide eta Juventudes de Unidad Progresista de la ONCE elkarteek izandako prestutasuna eskertu nahi diegu.

Ezin izan zara saiora gerturatu baina bertan jorratutakoa irakurri nahi duzu? Twitter kontuan unean uneko jarraipena egin diogu eta gainerako sare sozialetan ere #MugarikGabekoAniztasuna traolan.

Zer dio Mugarik gabeko aniztasuna gidak?

Ziurrenik zure buruari galdetuko zenion jada zer dioen ‘Mugarik gabeko aniztasuna’ gidak. Aurrez esan bezala, Aniztasuna Funtzionala gizarteratu eta gaia lantzeko hainbat material (praktiko zein teoriko) biltzen dituen euskarria da. Horretaz gain, elkarrizketetan identifikatutako erronkak zazpi puntu nagusitan laburtu ditugu: Eskubide osoko herritar aktibo modura, Aniztasun Funtzionala duten pertsonek gainerako herritarren aukera berdinez gozatzeko bermea izan behar dutela, Aniztasun Funtzionala duten pertsonekin aritzean askotan haurren moduan tratatzeko dugun joera baztertu behar dugula, irisgarritasuna eta inklusioa unibertsala izan behar dela, aisialdiaren garrantzia eta honek ere inklusiboa izan behar duela, politika publikoetan zeharkako balore gisa txertatu behar dela, hezitzaileentzako prestakuntza espezifikoa eskaini behar dela eta datu espezifikoen beharra. Txostena irakurri aurretik lehen ideia bat egin nahi baduzu, hemen duzu hedabideetara bidalitako prentsa-dosierra eta jardunaldiko triptikoa.[PDF] Mugarik gabeko aniztasuna txostena

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu berriro ere gida egiten lagundu gaituzten pertsona eta elkarte guztiei. Bai planteatutako erantzuten eta bai euren bizipen eta testigantzak elkarbanatuz, ekarpen horiek gabe ‘Mugarik gabeko aniztasuna’ gida ez zen posible izango-eta. Eta, nola ez, mila esker goizeko jardunaldian izan zaretenoi. Edozein kontsulta izanez gero ez izan zalantzarik eta idatzi hezkuntza@egk.org edo partehartze@egk.org helbide elektronikoetara.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .