Maialen Olabek, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidentak, ostegun arratsaldean Gazteon erakundeak EHn jardunaldian parte hartu zuen Bilboko Hika Ateneon UPV/EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakariarekin, Adriana Verdugo, eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko (NGK) presidentearekin, Edu Alonso, batera. Hiruen arteko eztabaida eta ondorengo mahai-ingurua Itsaso Anduezak, EGK-ko presidenta ohiak, moderatu zuen
Jardunaldia Gazteak Together ekimenak antolatu zuen, Euskal Herri osoko hainbat sentsibilitate eta esparruetatik etorritako gazteek osatutako mugimenduak. Honen helburua demokrazia parte-hartzailearen eta erabakitze eskubidearen eztabaidan sakontzekoa da.
Lehenik bi gai jorratu ziren. Batetik, erakunde bakoitzak etorkizun hurbila begira identifikatu dituen erronkak; eta, bestetik, eguneroko lanean dituen mugak. Gerora, bertaratu ziren gazteek galderak egiteko aukera izan zuten eta, azkenik, mahai-inguru informalean gazteon parte-hartzeaz hausnartu zen.
Gazteon erakundeak EHn jardunaldiko ondorio nagusiak
Gai beraren inguruan hiru kontseiluak mintzatu ostean agerian geratu zen egoera orokorrean antzekoa dela, ezaugarri puntualak badira ere. Hiruen arteko elkarlana sarritan aipatu zen erronka eta muga komunei irtenbidea emateko eta, batez ere, gazteriaren eskaerei erantzuna emateko.
Autokritikarako uneak ere izan ziren. EGK, NGK eta Ikasle Kontseilua behar bezain ezagunak ez direla nabarmendu zuten hiru hizlariek eta belaunaldi berrien parte-hartze eredu berrietara moldatzea buruan dutela, beti ere egungo elkarteekin duten harremana albo batera utzi gabe. Noski, plataforma bakoitzak duen errealitatearen jakitun eta horrelako aldaketek denbora behar dutela ahaztu gabe.
Azkenik, administrazioen aldetik dagoen ez-jakintasuna salatu zuten hiru hizlariek, are gehiago gazteon parte-hartze moduekiko eta hau sustatzerakoan dagoen gabezia azpimarratu zuten.