“Iragan Hurbilaren Memoria eta Giza Eskubideak” lantzeko gazteen testigantzekin bideo bat atera dugu! - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

26 December, 2017

“Iragan Hurbilaren Memoria eta Giza Eskubideak” lantzeko gazteen testigantzekin bideo bat atera dugu!

Azaroa eta abendua bitartean, EGKn bi ekintza burutu ditugu Memoriaren Eguna eta Giza Eskubideen Egunaren gainean gogoeta egiteko. Helburua bizikidetzarekiko klima eroso bat bultzatuz, gai hauekiko gazteengan gogoeta bat sortzea izan da. Haien iritzi, esperientzia, proposamen eta testigantzekin bideoa topa dezakezu albiste honetan.

Gernika: iragana eta etorkizunaren zubi

Lehenengo gazte taldearekin Gernikara jo genuen, bertan gertatutakoak Euskadiko iragan gatazkatsuak ekarritako ondorioei buruz hitz egiteko, baita etorkizun baketsu baten inguruan gogoeta egiteko, oso leku esanguratsua iruditzen zitzaigulako.

Bisita hartan arteak eta museoak memoriaren eraikuntzan eta transmisioan jokatzen duen papera landu genuen. Horretarako, Europako Herrien Parkean dauden bi eskulturak bisitatzeaz gain, Bakearen Museoan egon ginen. Bertan, museoak memoria jaso eta transmititzerako orduan aurrera eraman dituen proiektuak aurkeztu zizkiguten. Amaieran, Picassoren “Guernica” koadroaren hainbat interpretazio egiten duen erakusketan egon ginen eta artelan horren karga sinbolikoaz hitz egin genuen.

Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua

Iragan hurbilaren Memoria eta Giza Eskubideen gaineko gogoetarekin jarraitzeko, bigarren irteera bat antolatu genuen, oraingo honetan gure herriko memoria jaso eta transmititzeko helburuarekin sortu den toki batera: Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutura.

Gazteok etorkizuna garela esaten da, baina, giza eskubideen errespetuan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko, lehenengo iragan hurbilean gertatutakoa ondo ezagutu eta ulertu behar dugu. Horretarako, kontakizun pluralak, perspektiba desberdinak jorratzen dituztenak, entzun eta partekatzea ezinbestekoa izango da. Memoriaren elkarrizketa horrek muga bat du: memoria ezin dela erabili gertaerak baztertzeko edo parekatzeko. Ezta giza eskubideen urraketak justifikatzeko ere.

Gogora Institutuan hainbat jatorriko biktimen testigantzekin egindako bideo bat ikusteko aukera izan genuen eta horrek memoria plurala jaso eta sortzearen garrantzia irakatsi zigun.

Ekintza honen fruitu: testigantzekin bideo bat atera dugu!

Ekintza hauetan egindako bisita eta dinamika hauen fruitu, parte hartu zuten gazteen testigantzak jasotzen dituen bideo bat atera dugu. Gazteen testigantzek ondorengo galderei erantzuten diete:

Nola transmititu digute azken 50 urteetan Euskadin gertatutakoa? Zerbait faltan bota dugu? Nola hautematen dugu egungo Historia eta nola transmitituko genieke gertatutakoa hurrengo belaunaldiei? Zein da giza eskubideen papera egungo gizartean? Zein egoeratan ikusten ditugu islatuta eta zeinetan ez?

Eta zuk, zer duzu esateko? Gai hauekiko zure gogoeta eta iritzia gurekin elkarbanatu nahi baduzu, idatz iezaguzu bakea@egk.org edo deitu  943 42 97 67 telefonora.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.