5 urte pasa dira 2011ko urriaren 20an ETAk su etena iragarri zuenetik. Bakean egondako urte hauetan bizikidetzaren aldeko bidean egon arren, oraindik pausu garrantzitsuak emateko geratzen dira. 2015ean, EGKren Batzar Orokorrak ETAren behin betiko eta aldebakarreko desegitea eskatzen zuen dokumentua onartu zuen; aldarrikapen hori balioan jarri nahi dugu data adierazgarri honetan. Arrazoiak? “Gaurko eta etorkizuneko gazteek indarkeriaren ondorio latzak sufritu ez ditzagun, beronen amaieraren atzeraezintasuna bermatzea ezinbestekoa da. Honekin batera, terrorismorik gabeko herria beharrezkoa da, elkarbizitza denon artean eraiki ahal izateko”.
Horrexegatik, ETAren su etenaren 5 urteurrenean, EGK-ko bake ekimenetan parte hartu duten gazte guztiei aipamen berezia egin nahi diegu. Haien ekarpenak orainaldi eta etorkizun baketsuagoa eraikitzen lagundu baitute. Hain zuzen, urte bukaeran, 2014ko ekainetik orain arte garatu dituen bake eta bizikidetza ekimenetako hausnarketak eta ondorioak jasoko dituen liburuxka bat kaleratuko dugu.
Barkatu. Baina gaurko eta etorkizuneko gazteek indarkeriaren ondorio latzak sufritu ez ditzaten, gaur egun pairatzen diren indarkeriak amaitzea ere eskatu beharko da. Hemen alde bateko minak soilik aipatzen da, zergatik beste aldeari ez zaio halako eskaririk egiten?
Ehundaka kilometro egin behar ditut preso dudan aita ikusteko. Hori ere, biolentzia da. Gaur egun konpondu gabeko gatazka politiko honetako biktimak gara senide eta lagunak, eta bertan gazte dexente gaude. Horrelako urteurren batean, eta jakinik gazte guztiek jasaten duten biolentzia hori salatu beharko lukeela EGK-k, aldebikotasun irakurketa bat beharrezkoa litzatekeela nabarmendu nahi dut. Hemen, 5 urte igaro ondoren, hamarnaka gazte dispertsioari lotuak daude eta, baita, pertsekuzio polizialera.
Asko sufritu duen herria gara, sufrimendu guztiak identifika ditzagun. Iraganekoak zein gaur egun jasaten ditugunak identifikatuz, etorkizun hobeago bat eraiki dezakegu.
Lehenik eta behin mila esker Naike utzi duzun iruzkinagatik. EGK-k ohar hau ateratzeko bere izaerari erantzuten dion prozedura jarraitu behar du. Zehatz-mehatz, Batzar Orokorrean urtero biltzen diren 60 gazte-elkarteen ordezkariek proposamenak aurkeztu eta bozkatzen dituzte.
Hain zuzen, testu hau Iratzarri elkarteak 34. Batzar Orokorrean aurkeztu zuen eta bertan onartu zen proposamenaren ondorio da. Halaber, egun EGKren lana gidatzen duen Batzorde Iraunkorraren onespena jaso du webgune eta sareetan zabaldu aurretik.
EGKren izaeran dago gazteen aniztasuna defendatu eta ikusaraztea; eta aniztasun horren baitan, zoritxarrez, indarkeria desberdinak pairatu edo egun oraindik pairatzen dituzten gazteei lekua, ahotsa eta eskua ematea ere. Ados gaude: zuk diozun moduan asko sufritu duen herria gara, sufrimendu guztiak identifikatu behar ditugu, eta horretan aritu gara EGK jaio zenetik eta, batez ere, azken bi urte hauetan gai zehatz hauek lantzen.
Horregatik, norbanakotik zuk egiten duzun eskakizuna guztiz zilegizkoa dela uste dugu, gaur bezalako egun batean, eta egun guztietan. Baina, lehen azaldu bezala, EGKn hainbat elkartetan dauden norbanakoen iritziak eta eskakizunak artikulatzen saiatzen gara, eta urriaren 20an egiten den aldarrikapen hau 34. Batzar Orokorreko adostasunetik jaiotakoa da: egun honetan ETAren desegitea eskatzea. Horretan jarri behar dugu gaurkoan aldarrikapena. Joan den urtean egin genuen bezala.
Era berean, beste hainbat egunetan berdin jokatuko dugu, besteak beste: azaroaren 10ean, gatazkak eragindako eta egun eragiten dituen Giza Eskubideen urraketak mahai gaineratzeko; eta abenduaren 10ean, gatazkaren biktima guztiei lekua, ahotsa, eta memoria egiteko eguna.
Lehen esandako guztiagatik, zure iritzi eta proposamenak EGKren parte egitera gonbidatu nahi zaitugu, horretarako EGK-k Bakea eta Bizikidetza arloan egiten dituen proiektuetan eta, batez ere, daukan lantaldean parte hartzera biziki animatu nahi zaitugu.
Gure prozedura eta erantzuna ulertuko duzulakoan, bestelakorik esan nahi badiguzu idatzi iezaguzu egk@egk.org edo bakea@egk.org helbide elektronikoetara. Mila esker beste behin ere,
Euskadiko Gazteriaren Kontseilua