Gaur, Urriak 7, Lan Egokiaren Nazioarteko eguna den honetan, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) gazteon lan baldintza duin eta egokiak aldarrikatzen jarraituko dugu.
Enplegua euskal gazteriarentzat lehentasunezko gaia da. Gazteontzat ezinbestekoa da bizitza proiektu duina ahalbidetuko duen lan duina eta egokia izatea. Horregatik, gazteen lana sustatzeko estrategiak behar ditugu, baina estrategia hauek ezin daitezke langileen eskubide sozioekonomikoak murriztean oinarritu. Gazteentzako baldintza duin eta egokietan oinarrituko diren estrategiak jarri behar dira mahai gainean.
Horretarako, 2017an egindako Zer da lan egokia zuretzat? kanpainarekin, beti ere gure eskubide sozio-laboralak errespetatzen direlarik, bizitza proiektu bat garatu ahal izateko lana nolakoa izan beharko lukeen ezagutu nahi izan genuen. Honela, kanpainan zehar jasotako ekarpen guztiekin osatutako 13 proposameneko manifestua eratu genuen. Gaur, berriro ere, manifestua gogorarazteko eta gazteontzako lan egoki eta duinak aldarrikatzeko ordua da. Izan ere, EGKn argi dugu gazteriaren lan baldintza duin eta egokien alde lanean jarraituko dugu.
*ATXIKIMENDUAK: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), LSB-USO, Acción Católica General de Bizkaia, Gazteak CCOO, Gazte Abertzaleak eta Berri Otxoa.