Aurten, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) lana eta enpleguaren gaiari buelta bat ematea pentsatu genuen. Horretarako, Euskadiko gazteriarentzat lan egokia eta hobetu beharrekoa zer den jakiteko kanpaina bat abian jarri genuen maiatzean. Eta bihar, urriak 7, Lan Egokiaren eguna denez hemen dakarkigu emaitza.
Zer da lan egokia zuretzat? galdera bota genuen gure sare sozialetan eta gure elkarteen iritzia jakin nahi izan genuen. Gainera, Gasteiz eta Donostiako UPV/EHUko campusetara irteerak egin genituen gertutik ezagutzeko ikasten ari diren eta laster lan mundura salto egingo duten gazteen iritziak (nahiz eta haietako batzuk jada lan egin duten edo ikasten ari diren bitartean lan egiten duten).
Modu honetan, bizitza proiektu bat garatu ahal izateko lana nolakoa izan beharko lukeen ezagutu nahi izan dugu, beti kontuan izanda gure eskubide sozio-laboralak errespetatzen direlarik.
Jaso ditugun ekarpen guztiekin eta urriak 7, Lan Egokiaren eguna baliatuz, ondorengo manifestua osatu dugu. Guztira 13 proposamen biltzen ditu, baina askoz gehiago izan daitezke. Beraz, zuen iritzia eman nahi baduzue idatzi bizibaldintzak@egk.org helbide elektronikora.
Gainera, aste hauetan sare sozialen bidez jasota ditugun edo egindako irteeretan grabatu ditugun ekarpenen bideo laburpena hemen ikus dezakezu.