- EGK-k otsailaren 2ko 43/2015 Errege Dekretua atzera botatzea eskatzen du; hau dela eta unibertsitate ikasketa ofizialen antolaketa egin eta 3 urteko graduak eta 2 urteko masterrak eskaini beharko direlako
- Bertan behera uztearekin batera, EGK-k ikasleen ahotsa entzuna izatea eta master eta graduen prezioan parekatzea ere eskatzen du aurkeztu duen komunikatu batean
- Idatzia EGKren baitan lan egiten duten Hezkuntza Foroko eragileekin batera adostu da eta, zergatien artean, indarrean dagoen Bolonia planaren ebaluazio falta, prezioen igotzea, parekotasun falta eta formakuntza orokorraren murriztea aipatzen dira
Bilbo, 2015eko maiatzaren 12an. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) 3+2 unibertsitate ikasketa ofizialen erreforma bertan behera uztea eskatzen du, Espainiako Ministro Kontseiluan otsailaren 2ko 43/2015 errege dekretuan jasotzen den neurria. Sortu den egoera hau salatzeko, komunikatu bat adostu da EGKren baitan lan egiten duten Hezkuntza Foroko eragileekin batera eta azken hilabeteetan Euskadiko Hezkuntza arloko ikasle, elkarte eta kontseiluek egin duten indar batuketen asmoa ere jaso nahi izan da.
2013an LOMCE legea onartzean egin zen bezala, “azken urte hauetan jende guztia ikasleoi buruz hitz egiten ari da, baina inork gutxi galdetu digu edota gure hitza kontuan hartu”. Komunikatuan “Hezkuntza Ministerioak hartutako erabakia eta ezarritako beste erreforma bat” dela adierazten da eta “hezkuntza komunitateko eragileak” ez direlako kontuan hartu azpimarratzen da. Testuan neurri honen kontrako zergatiak puntuz puntu zerrendatzen dira:
- Ebaluazio falta: indarrean dagoen Bolonia plana oraindik ez da aztertu eta ez da ulergarria beste neurri berri bat martxan jarri nahi izatea aurrekoaren emaitzak ezagutu gabe.
- Prezioen igotzea: masterrak graduak baino garestiagoak direla.
- Parekotasun falta: ikasketa berdinak iraupen ezberdina izan dezake unibertsitatearen arabera.
- 3 hezkuntza planen elkarbizitza/nahastea, eta honek sor ditzakeen arazoak laneratzeko orduan.
- Formakuntza orokorraren murriztea eta titulazioen berrantolaketa.
EGK-k behin eta berriro defendatu duen mezua errepikatzen du enegarrenez oraingoan ere: “Hezkuntza politikak adostasunean eraiki behar dira. Gazteak ikasleak gara; hezkuntza prozesuko subjektuak eta protagonista”.
KOMUNIKATU OSOA HEMEN IRAKUR DEZAKEZU: