Kontsultaren helburua Pirinioetako lurraldeetako gazteen kezkak ezagutzea da, udaberrian ospatuko den Gazteriaren Foru Transpirenaikora begira
Inkesta otsailaren 19a arte bete daiteke
Pirinioetako Lan Elkarteak (CTP) inkesta bat zabaldu du Pirinioetako lurraldea osatzen duten herrietako gazteei bideratuta. Galdetegi honen helburua gazteen kezkak zeintzuk diren ezagutzea da. Honen ondoren, Gazteriaren Foru Transpirenaikoaren lehen topaketa ospatuko da kezka horiek lantzeko. Proiektu hau Pyrenean Youth ekimenaren barnean dago. Kontsulta honetan parte hartu nahi dutenek otsailaren 19a arte egin dezakete.
Galdetegia 15 eta 35 urte bitarteko gazteentzat dago eginda eta erantzuten duten pertsonen profilari buruzko informazioa biltzea du helburu: zertan aritzen diren, non bizi diren eta, batez ere, Pirinioetako gazteak zerk kezkatzen dituen jakitea.
Pirinioetako Lan Elkarteak, Akitania Berria eta Okzitaniako eskualdeekin, Andorrako printzerriarekin eta Euskadi, Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako autonomia erkidegoekin egiten du lan.
Antzematen diren kezka horiek datorren maiatzean ospatuko den Gazteriaren Foru Transpirenaikoaren lehen bilgunean sakonduko dira. Topaketa hau Erasmus+ programak finantzatutako Pyrenean Youth proiektuaren barnean dago.
Inkesta jarraian dagoen estekaren bitartez erantzun daiteke 2021eko otsailaren 19ra arte eta 5 hizkuntzatan dago eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, katalanez eta okzitanieraz.
Inkesta
Proiektu honi buruzko informazio gehiago behar izanez gero, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) partaidetza lan-arloko helbide elektronikora idatz dezakezu: partehartze@egk.eus edo 943429767 / 688 676 099 zenbakietara deitu eta Xubanengatik galdetu (8:30etik 14: 30era astelehenetik ostiralera).