EUSKADIKO GAZTERIAREN KONTSEILUAK PATAKON GAZTETXEAREN UTZARAZTEA SALATU DU
• Gazte elkarteen sareak espazio horien lana aldarrikatu du.
• Patakon gaztetxeko gazte eta herritarrei babesa adierazi die erakundeak
Vitoria-Gasteizen, 2012ko ekainaren 26an. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gaur goizean burutu den Bilboko Uribarri auzoko PATAKON gaztetxearen utzaraztea salatu du prentsa ohar baten bitartez.
Ekainaren 4an okupatu zuten Patakon gaztetxea, “Tipi Tapa Uribarri Piztu” ekimenaren baitan, mende erdia baino gehiago hutsik zeraman eraikin bati bizia emateko xedearekin. Okupazioa aurrera eraman zuen kolektiboaren hitzetan, auzoko zerbitzu publikoen eskasiak bultzatuta okupatu zuten eraikina, autogestionatutako alternatiba soziokulturalak lantzeko. Baieztatzen dutenez, auzokideen eta merkatarien babesa zuen Patakonek.
Ekimena abiatu eta hamar egunetara, jendea eraikina bisitatzen edo ekintza ezberdinetara moldatzeko garbiketa lanetan zebilela, Ertzaina bertara sartu zen, inolako utzarazpen agindurik gabe 19 bat pertsona identifikatuz. Interbentzio hura publikoki salatu zuen gazteen asanbladak, jabeei irtenbide bat bilatzera gonbidatuz. Horrez gain, “autogestionatua, asanblearioa, parte-hartzailea, parekidea, euskalduna, auzotik eta auzoarentzat egina, sortzailea, anitza eta askea den” proiektua babesteko manifestaldi bat abiatu zen.
Hala ere, auzokideek adierazitako behar eta aldarrikapenei ezikusiarena eginez, gaur goizean eraikina hustu du Ertzaintzak, inauguraziorako lau egun besterik falta ez zirenean.
Hori guztiaren aurrean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak PATAKON gaztetxeko gazteei babesa helarazi nahi die eta honakoa adierazi:
1) “Gaztetxeak gazteriaren parte-hartze eta auto-antolakuntza guneak dira. Bertan, gazteen emantzipazioa bideratu eta hiritartasun aktibo bat bultzatzeko gaitasunak sustatzen dira, betiere gizarte eraldaketarekiko konpromisoa landuz. Autogestioa, gizarte mobilizazioen aktibazioa, asanblada eta bileretan parte hartzea, eginbeharren banaketa eta auzokide eta eragileekiko elkarrizketan aritzea suposatzen du gaztetxe batean parte hartzeak. Horrekin batera, jarrera kritiko baten garapena, komunikabideekiko harremanen kudeaketa, komunikazio tresna propioen sorkuntza eta beste hainbeste oinarrizko gaitasunen garapena ere badakartza, horiek guztiak ikuspegi kolektibo batetik hiritartasun aktibo bat gauzatzeko beharrezkoak.
2) Espazio eta zerbitzu publikoek ez diete beti gazteon behar, nahi, kezka eta errealitateei erantzun egokia ematen. Administrazio ezberdinek proposatutako zerbitzuek aurkezten dituzten ordutegi, baldintza eta edukien aurrean, Euskal Herriko milaka gazte hogei urte baino gehiago daramatzate gaztetxeetan antolatzen, kontsumoan oinarritutako aisialdiaren aurrean alternatibak sortzen. Bere denbora librearen norabidea erabakitzen dute, kanpotik datozkion eskaintzen hartzaile pasibo izan beharrean. Jardunaldiak, hitzaldiak, bideo-forumak, kontzertuak, eztabaidak, ikastaroak, musika taldeak, antzerki konpainiak, mobilizazioak eta jaiak antolatzen dituzte, besteak beste. Eta, hori guztia, hierarkikoak ez diren antolatzeko moduak baliatuta.
3) Jabetza pribatua interes publikoaren gainetik gailentzen den hiri-testuinguru batean, hutsik (eta, askotan, utzita) dauden lekuei erabilpena ematen diete gaztetxeek, auzoak, herriak eta hiriak suspertuz.
Hori guztiagatik, gaztetxeak beharrezkoak direla uste du gazte elkarteen sareak. Era berean, Patakon gunearen utzarazpenaren aurka mobilizatzeko eta gaztetxeen alde kalera ateratzeko deia egin die gazteei Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak”.
Animo eta aurrera, gazteak!
*Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren 31. Batzar Orokorrak onartutako testua, Donostian, 2012ko martxoaren 10ean.