Etikasi programari esker 4 egun hezigarri bizi izan dituzte gazteek.
Poloniatik itzuli berri gara eta bertan esperientzia hunkigarri eta aberasgarria bizi izan dugu. Oraindik ez dugu izan denborarik bidaian bizitako guztia prozesatzeko eta egun batzuk behar izango ditugu ikusitakoa eta sentitutakoa antolatzeko eta ulertzeko.
Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko Batxilergoko lehen mailako ikasleekin memoria lekuen inguruko hausnarketa egin dugu. Zer da memoria leku bat? Zein jarrera izan behar dugu? Ezagutzen al dugu beste memoria lekurik?
Oraingoan Oñatiko gazteekin Auschwitz I Main Camp eta Auschwitz II Birkenau kontzentrazio esparruak eta Cracovia hiriko auzo eta ghetto judutarra bisitatu ditugu. Helburua bertan gertatutakoa lehen eskutik ikustea izan da eta gazteekin giza eskubideak lantzea. Datu eta gertaera historiko horien atzetik dagoena ikuspuntu etiko batetik landu nahi izan dugu, giza duintasuna erdigunean jarriz.
Etikasi programaren inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, jarraitu @gaztekontseilua sare sozialetan edo idatzi bakea@egk.eus emailera edo deitu 688 73 70 97 telefonora.