7 May, 2024

Oñatiko Elkar Hezi ikastetxea Etikasi programako irabazle

Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko Batxilergoko 1. mailako ikasleak izan dira hautatuak Etikasi programaren bosgarren edizioan parte hartzeko. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) antolatzen du, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak eta Gazteria Zuzendaritzaren laguntzarekin, giza duintasunaren eta giza eskubideen esperientzia hezitzailea sustatzeko.

Programa honen helburua hezkuntza-bidaien bidez etikari eta giza eskubideei buruz ikastea da, horretarako, indarkeriak markatu dituen hiriak bisitatuko dira, kasu honetan, Cracovia eta Auschwitz. Taldeak bidaia aurretik formakuntza bat jasoko du eta Poloniara joango da ekainean lau egunez.

Ekimen horretan parte hartzeko, Euskadiko ikastetxeek giza eskubideei buruzko lan bat egin behar zuten, eta hari buruzko bideo bat aurkeztu. Izen emandako 39 ikastetxeetatik, oñatiarrak aukeratu ditu epaimahaiak. Elkar Heziko Batxilergoko 1. mailako ikasleek Gernika izeneko ikus-entzunezko pieza batekin parte hartu zuten. “Txalapartak kontzientziak iratzarri eta Mikel Laboaren eskutik Picassoren Gernikaren barrena bidaiatuko dugu XXI. mendean bizi ditugun giza eskubideen urraketak salatzeko”, azaltzen dute bideoan. Bideo saritua esteka honetan ikus daiteke:

EGK-k eskerrak eman nahi dizkie aurkeztu diren ikastetxe guztiei, hausnarketa eta lan bikaineko bideoak izan baitira. Datorren urtean itxarongo zaituztegu.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.