Zergatik lortu Gune Anitza zigilua? Atxikitako espazioen esperientzia - ¿Por qué conseguir el sello Gune Anitza? Experiencia de espacios asociados. Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

19 May, 2020

Zergatik lortu Gune Anitza zigilua? Atxikitako espazioen esperientzia

2016an Gune Anitza aurkeztu genuenetik hainbat espazio atxiki dira. Zergatik eman zuten pausua? Zertan lagundu die euren egunerokoan aniztasunarekiko aldekotasuna erakusten duen zigilu honek? Zuzenean guk kontatu beharrean ahotsa eurei eman diegu. Marienea, Urtxintxa Eskola, Pikara Magazine, ALDARTE, Errespetuz, Bergarako Euskara elkartea eta Katxalin elkartea, TaPuntu eta UPV/EHUko Berdintasunerako zuzendaritzaren testigantzak batu ditugu.


Zigilura atxikitzeak hainbat konpromiso hartzea eskatzen du:

  • Aniztasuna gizartearen zeharkako eta berezko ezaugarria dela sinesten dut.
  • Identitate, izaera eta orientazio anitzak balore positiboak diela aldarrikatzen dut.
  • Ez dut identitate eta izaera anitzeko harremanik zigortuko, ezta pertsonen arteko hierarkia ezarriko ere.
  • Lan egingo dut berdintasunaren aurka doazen gizarteko errealitateak desagerrarazteko.
  • Ez dut baimenduko tolerantea ez den jarrerarik, ez erasorik, nire gunean.
  • Administrazioei eskatuko diet aniztasunaren onarpen, sustapen eta babesaren alde lan egitea.
  • Nire jarrera tresna hauen aldekoa izango da: egun dagoen legediaren hobekuntza, aniztasunaren zaintza (ezagutzan, hezkuntzan eta begirunean oinarritua) eta erasoen aurkako erabateko jarrera.
  • Jada martxan dagoen gazteria animatuko dut jarrai dezan aktiboki aniztasunaren aldeko indar bat gehiago izaten.
  • Gazteria animatuko dut, maila pertsonal eta kolektiboan, aniztasun ikuspegitik ahalduntzera eta kritikoa izatera.
  • Gazteria animatuko dut Gune Anitzak bilatu, aditzera eman eta sortzera.

2016tik izandako ibilbidea

Gune Anitza zigilua 2016an sortu genuen espazio fisiko zein birtualek aniztasunarekiko aldekotasuna erakuts zezaten. Lehenei euren errealitatea aztertzea gomendatzen zaie (komunak, aldagelak, erreferente positiboak bilatzea estereotipoak hausteko) eta bigarrenei erabilitako mezuetan eta komunikazioetan hizkuntza barne-hartzailea eta irudi ez estereotipatuak erabiltzea proposatzen zaie, LGTBI+fobiak edo mezu baztertzaileek lekurik ez izateko.

Bidean sortutako zalantzak argitzeko 2017an Erronkak errealitate bilakatzeko liburuxka aurkeztu genuen gatazkatsuak izan zitezkeen egoeren aurrean erantzuna emateko pauta batzuekin. Era berean, kasu bakoitzera moldatutako aholkularitza eta bitartekaritza ere eskaini dugu lau urte hauetan.

Nola atxiki Gune Anitza zigilura

Zuk ere zure espazioa (fisikoa zein birtuala) Gune Anitza zigilura atxikitzea nahi baduzu hau da jarraitu beharreko prozedura:

  • Manifestu Anitza dokumentua irakurri eta ostean honek dituen eskaerekiko atxikimendua egin behar duzu. Horretarako bidali emaila berdintasuna@egk.eus helbidera.
  • Ondorengo datuak helarazi: espazioaren izena, helbide fisikoa edo webgunea, kontakturako telefono zenbakia eta espazioaren deskribapena

Bi pausuak egin ostean Gune Anitza zigilua bidaliko dizugu zure espazioan ikusgai jar dezazun. Azkenik sareetan atxikimenduaren difusioa egitea geratuko zen. Eta edozein zalantzarekin idatzi berdintasuna@egk.eus helbidera edo deitu 615749929 (Irati) telefonora.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.