11 October, 2023

Larri zauritu den gaztearen lan istripua salatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

  • Prekarietateak pertsona gazteen osasuna kaltetzen duela azaldu du gazte-elkarguneak.

Gasteizen, 2023ko urriaren 11n. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gazte langile bat zauritua izan den lan istripu  bat gertatu dela salatu du. 27 urteko langilea, urriaren 9an, Algortan (Bizkaia) igogailu batean lanean ari zen bitartean zauritu zen. Dirudienez, igogailuaren kontrapisua gainditu da eta langilea besoan zauritu da: ospitalera eraman behar izan dute.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ”istripu honen ondorio larriak sentitu” ditu eta “gaztea laster osatu dadin” espero du. “Beste behin ere, lan istripu batean gazte bat kaltetuta izana” deitoratu du EGK-k.

Gazte elkarteen sareak azaldu duenez, “prekarietatea eta lan baldintza kaskarrak lan-istripuen, lan-gaixotasunen eta lan-osasunaren okertzearen zergati zuzen bat dira”.

Hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak “gazteriaren lan baldintza prekarioak hobetu ordez, azken urteetan nabarmenki kaskartzen ari direla” ohartarazi du. Horretaz gain, “egoera honek gazteen osasun fisiko eta mentalean eragin kaltegarriak dituela eta lan istripuak zein prekarietatearekin harremana duten gaixotasunak pairatzeko aukerak areagotzen dituela” gehitu du.

Ildo honetan, EGK-k “gazteen lan egoera latza islatzen duten estatistika kezkagarriak” gogoratu ditu:

  • Langabezia: % 12,3 (2023ko II hiruhilekoan)
  • Aldi baterakotasuna: %65,5 (2021)
  • Lanaldi partziala:%33,5 (2021)
  • Gain-kualifikazioa: %29,5 (2021)
  • Batez besteko 18-34 urte arteko gazteen soldata: Emakumeek 1.353€ eta gizonek 1.517€ (2022)
  • Emakume eta gizon gazteen arteko batez besteko soldata ezberdintasuna: emakume gazteek 1.207€ eta gizon gazteek 1.401€ (2020)

Iturriak: Gazteriaren Euskal Behatokia, Eustat, Observatorio Joven de la Emancipación

Bestalde, “lan baldintza prekarioen lista honi” normalean estatistikoki neurtzen ez diren beste errealitate batzuk gehitu nahi izan dizkio, hala nola, “gehiegizko lan kargak, ordutegi txarrak, negoziazio kolektiboa oztopatzen duten lanpostuak, ezkutuko ekonomiaren lanpostuak, mugikortasun geografiko handia eta subkontratazioa”.

Ezegonkortasun eta urrakortasun egoera hau “gazteek duten langabeziaren estaldura txikiagoa eta diru sarrerak bermatzeko laguntzak jasotzeko dituzten zailtasun handiagoengatik” areagotzen dela azaldu dute. Horrek, “enplegu batzuetan ezartzen diren gehiegizko baldintzen aurrean babesik gabe uzten ditu” . Horrela ba, besteak beste, “osasun estaldura txikitu eta langileria babesik gabe utzi duten azken lan eta osasun erreformen ondorioz, gazteria gero eta egoera txarrago batean dago”.

Lan osasuna eta gazteriaren enpleguaren sustapena

Bestalde, gazteen enplegua sustatzeko gailendu diren estrategiak ez dutela egoera hau hobetzen lagundu dio Kontseiluak. Alde batetik, “kezkagarria da geroz eta gehiago kontratazio formula bereziak sustatzea (praktikak, bekaka…). Formula hauek langileen eskubide sozioekonomikoak murriztean oinarritzen dira eta, askotan, ez dute enpresarekiko lan harreman bat ezartzen eta, beraz, egoera hauetan ematen diren lan istripuak ez dira estatistika ofizialetan ageri”.

Horrela ba, adierazi dute “lan emigrazioa eta autoenplegu/ekintzailetza ez daudela gazteak lan eskubide berdinekin enplegu bat lortzeko pentsatuta”. Besteak beste, “estrategia hauei loturiko arrisku asko ez direla azaleratzen” azpimarratu dute.

Hobekuntza proposamenak

Eszenatoki honen aurrean, Administrazioari “lan osasunaren arautegia betearazi eta lan ikuskaritzak sustatu ditzala” eskatu dio EGK-k. Horrez gain, hurrengo neurriak hartu ditzan eskatu dio:

  • Langileria modu larrian kaltetu duten azken lan erreformak bertan behera utzi, lanaren desintentzifikazioa sustatzeko neurriak martxan jarri eta behin-behinekotasuna, azpikontratazioa eta aparteko orduak mugatu.
  • Negoziazio kolektiboaren egoera lehengoratu eta gazteriaren parte-hartze sindikal eta laborala sustatu, horretarako baldintza egokiak eta bideak eskainiz.
  • Laneko gaixotasunen atzemate eta prebentzioan Osakidetza eta Osalanen parte-hartze handiagoa, bai eta prekarietatearekin eta langabeziarekin loturiko gaixotasunetan ere.
  • Kontratazio formula berezien gaineko kontrol eta ikuskaritza gehiago. Horrez gain, lan postuak behar duen kualifikazioa eta enpresak langileari eskatzen dion ikasketa eta beharren mailaren arteko oreka sustatzeko neurrien garapena, eta enpresak lanposturako garrantzizkoa den formazioa erraztea, horretarako beharrezko bitartekoak jarriz (denbora eta dirua).
  • Zaintza lanen onarpena eta erregulazioa.
  • Lan jardunaldiaren ordu jaitsiera.

Bere aldetik, Gazteriaren Kontseiluak gazteek bizi duten lan prekarietatea salatzen jarraitzeko eta “lan-istripuekin amaitu eta gazteen lan osasuna sustatuko duen gizarte ahotsa” artikulatzeko bere konpromisoa berretsi du.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

Consejo de la Juventud de Euskadi

“gazteok egina, gazteontzat!”

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.