Eusko Jaurlaritzak ez du Kanpo Zorraren aurkako Legea betetzen - EGK

28 December, 2010

Kanpo Zorra Ezabatu! EGK, Zordunok eta GGKEen Koordinakundeak Eusko Jaurlaritza legea betetzen ez duela salatu dute

Eusko Jaurlaritzak Kanpo Zorraren aurkako Legea betetzen ez duela salatu dute

  • Iñuzente-pankarta erraldoia eskegi dute hainbat gizarte-mugimenduk Bilboko La Salve zubitik, Exekutiboaren “inozentada” salatzeko
  • Lakuari kritika egin diote, aurrekontuetan ez duelako legea betetzeko dirurik aurreikusi

Bilbon, 2010eko abenduaren 28an. Eusko Jaurlaritzak Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutuna izeneko legea (14/2007) ez duela betetzen salatu dute gaur Zordunok-RCADEk (Kanpo Zorraren aurkako herri-sarea), Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak, Kanpo-Zorraren aurkako Legegintzako Herri Ekimenari jarraipena egiteko taldearen izenean. Izan ere, kanpo zorraren aurkako araua onartu zenetik hiru urte igaro baitira abenduaren 28 honetan eta, ordutik, “Jaurlaritzak ez baitu agindua bete”. Hori dela eta, “Lakuak hiritarrei egin nahi dien inozentada” salatzeko, iñuzente-pankarta erraldoia eskegi dute Bilboko La Salve zubitik, “Legea bete. Kanpo Zorra abolizioa!” lelopean.

Hamaika eragile eta 45.254 sinadura bildu zituen Legegintzako Herri Ekimen baten ondorioz onartu zen aipatutako legea, 2007ko abenduaren 28an. Jarraipen taldeak azaldu duenez, arau horrek hiru betebehar ezartzen dizkio Jaurlaritzari. Lehenik eta behin, Lakuak bidezko merkataritza sustatzeko eginkizuna du, bai bere kontratazio eta lehiaketen bitartez bai eta beste formula batzuen bitartez ere. Bestalde, armen industriarekin ez kolaboratzeko betebeharra ezartzen zaio, eta. azkenik, Euskadiri dagokion kanpo-zorra deuseztatzeko agindua ematen zaio ere.

Zehazki, Euskadiko aurrekontuetako diru-kopuru bat horretara bideratzea adostu zuen parlamentuak. Zentzu horretan, Espainiako Gobernuarekin sinatutako hitzarmen baten bidez baliogabetuko litzateke Euskadiri dagokion kanpo-zorra hori. Haatik, Guggenheimaren ondoan bildutako eragileek aipatu dutenez, “beste behin ere Eusko Jaurlaritzak ez du kanpo-zorraren aurkako legea bete ahal izateko aurrekontu-sailik ezarri 2011rako”. “Eta ez hori bakarrik -ohartarazi dute-; hori gutxi balitz, datozen urtetan legea betetzeko asmorik ez dutela adierazi dute ere”.

Datozen urtetan ere, ez da beteko

Ildo horretan, pasa den maiatzean Eusko Alkartasunak Legebiltzarrean luzatutako galdera baten harira Enplegu eta Gizarte gaietarako sailburuak egin zituen adierazpenak ekarri dituzte gogora gizarte mugimenduek: “Izandako gertakari berriak eta gastua murrizteko dagoen beharra kontuan izanik, Lege hau, eta zehazkiago lankidetza-hitzarmenean jasotako ekintzak (kanpo-zorra barkatzeko berariazko kontu-saila jasotzen du, zehatz mehatz) ez dira, hasiera batean, datozen bi urteetan gauzatuko”.

Baieztapen honen aurrean, gizarte-mugimenduek honakoa gogorarazi diote Lópezen Gobernuari: “Legea betetzea agindu bat da; betebehar bat. Eta, gainera, PSE legea garatzeko hitza eman zuen bere hauteskunde-programan“.

La Salve zubitik 60 metro karratuko txontxongiloa eskegitzeaz gain, Jarraipen taldeak beste bi pankarta eskegi ditu hiribilduko Areatzan eta eskuorriak banatu ditu. Azpimarratu duenez, “hiritarrak ez baitaude prest iñuzentetzat jo ditzaten”.

BIZKAIKO KOMUNIKABIDEEI BIDALITAKO PRENTSA-OHARRA

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.