Aurten indarkeriak Gasteizko inauteriak goibeldu ditu. Atzo Indarkeria Matxista kasu bat salatzen genuen, baina ez da bakarra izan. Hedabideek aditzera eman dutenez, gay bikote bat erasotua izan zen iraindu zituzten gazteei aurre egin ostean.
EGK-k erasotuak izan diren mutilei bere elkartasuna adierazi nahi die. Hala, salaketa egiteko izan duten ausardia txalotu.
Maitasuna nahiz identitatea ezin daitezke irainerako arrazoi izan eta, are gutxiago, errespetua eskatu ostean, fisikoki Indarkeria LGTBI+fobikoaz erantzun.
Oraindik ere gazterian hain larri eta latza den Indarkeria LGTBI+fobikoa ematea guztiz onartezina deritzo Kontseiluak eta eskatzen du, lehenbizi, justizia egin dadila.
Indarkeria LGTBI+fobikoak errealitate bat izaten jarrai gure gizartean, baita ere gure gazterian. Honi aurre egiteko ezinbestekoa da ez soilik erasotzaileek beraien ekintzen erantzule izatea; baita gazteria aktiboki honen aurka posizionatzea eta hau sustraitzen duen ikuspegi cisheterosexistaren aurka lan egitea.
Gainera, historikoki hain larria izan da egoera eta trataera egun ez ditugula eskuragarri ikerketa sakonak eta datu landu zein luzerakoak. Are gehiago, eskura daukagun informazio bakarra da Estatu mailako StopLGTBfobia Behatokiak egiten duen gorroto delituen gaineko informazioa da. Ikus daitekeen joan zen urtean, 2015ean, Sexu identitate edota orientazioagatik 27 eraso eman zirela EAEn. Ordea, ezin dezakegu ez sexua ez adinaren inguruko datu gehiagorik lortu; ezta bide judiziala aktibatzen ez duten beste gertakarien gaineko informaziorik ere.
Hau gutxi balitz, Indarkeria mota honen dimentsio estrukturalak eragiten du guztiok, alegia, gazteria osoak, honen indarra eta eragina pairatzea; bai Indarkeria LGTBI+fobiko gisa ulertua izango ez diren erasoen bitartez eta baita gizarteak normalizazioaren alde egiten dituen indar guztien bitartez.
Hortaz, argi dago Indarkeria LGTBI+fobikoa ez dela desagertzen ari den zerbait, ezta gazterian ere.
Hobekuntza proposamenak
Hau dela eta, EGK-k ondoko eskaerak ditu arazo honen kontra borrokatzen joateko:
Alde batetik, Administrazioari: Harrera juridikoari dagokionez:
- Tratu, neurrien ezarpen eta kontrolaren hobekuntza; hauek biktimaren ongizate integral bat bidera dezaten.
- Legediaren eraldaketa: Estatu mailan 1/2015 Legearen 22.4 artikulua da delitu hauen esparrua garatzen duena eta Euskadi mailan 14/2012 Legea aipa genezake.
- Ordea, zeharkakotasuna LGTBI+ kolektiboa erasotzen dutenei zigortzeko eraginkortasunarekin bat doala uste dugu. Hau dela eta, beharrezkotzat jotzen da Indarkeria sistematiko hau bere testuingurutik aztertzea eta tratatua izatea baimenduko duen lege bat.
- Aldi berean, ezinbestekoa da aniztasuna bera bultzatzea, geroago azpimarratuko den bezala
Prebentzioari dagokionez:
- Hezkuntzatik hasi. Kasu honetan begirada integralagoa ezinbestekoa da.
- Alde batetik, hezkuntza sozializazio prozesu bezala ulertu beharra baitago.
- Bestetik, beharrezkoa den hezkuntzari dagokionez. Aniztasuna, hezkidetza, heziketa sexuala, adimen emozionala… eskutik eta era sakon zein zeharkako baten landu beharrekoak dira
- Gainera, gizarte eragile guztiak barne hartu behar ditu
- Sentsibilizazioak eta bestelako efektu ekintzak burutzea
- Ikerketak eta datuak. Prebentzio neurrien diseinuaren hobekuntzari begira ikerketak eta datu anitz zein luzetarakoak beharrezkoak dira.
- LGTBI+ behatokia sortu. Egun ez dago aukerarik ez erasoen ez aniztasunaren gainean informatzeko (Behatoki integralik, Behatokiren baten sailik…) eta hau ezinbestekoa da. Berebiziko premia du kolektiboak bizi dituen bereizketa mota guztiak ezagutzeko eta bere eskubideen alde egiteko Behatoki bat sortzeak.
Arazoaren trataerari dagokionez:
- Bereizketa faktore anitzen intersekzioaz eta honen inpaktuaz arduratzea ezinbestekoa da.
Bestetik, gazteriari;
- 0 Tolerantzia eta inplikazioa
- Erasoen aurrekari diren jarrera LGTBI+fobikoei frenoa bota eta hauen larritasuna ulertu: gorrotoak mugituak dira .
- Erasoen testigu izatean, ez isildu, ekin eta luzatu laguntza biktimari.
- Biktima bazara, zure bizitza berreraiki dezakezu eta horretarako, izan ezazu argi, zurekin gaude.
- Indarkeria LGTBI+fobikoa eta honen sustrai diren beste indarkeria eta jarreren aurka ekin
- Norbere burua eta ingurugiroa kritikoki aztertu eta eraldatu aniztasunaren ideiaren alde.
- Indarkeria LGTBI+fobiko edota honen ideologiarekin harremana izan dezaketen Indarkeriei aurre egin (Indarkeria Matxista, maitasun erromantikoan oinarritutako bikoteen arteko indarkeria…).
- Aniztasunarekiko konpromisoa eta gizarte eraldaketa. Kontuan izan Indarkeriaren sustrai estrukturala eta honen gainean ekin. Aniztasunean bizitzea eskubide berdintasuna izanik guztion artean lortuko dugun zerbait da eta!
Indarkeria LGTBI+fobikoa aurkeztu zaigun era latz honetan ideologia patriarkala eta cisheterosexistaren alderik ikusgarriena da; bitartean, iceberg-a bailitzan, milaka eguneroko jarrera eta portaera daudelarik ere ezkutuan.
Hauek ez dute soilik LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aurka egiten, baita norberak bere baitan duen aniztasun eta bizipen konkretuen garapenaren eskubideari ere. Pentsamolde eta ekite hauek ez dute baimentzen aniztasunerako eskubidea ziurtatua egotea eta elkarbizitzan eta elkar aberastean oinarritzen den gizarte eta gazteri bat eraikitzea.
Hau dela eta, gertatutakoaren salaketa honen bitartez Gazteriaren Kontseiluak gazterian ere ematen den LGTBI+fobia salatu eta aniztasuna ez soilik onartua, baizik eta bermatua eta sustatua den gazteriaren eraikuntzan bere konpromisoa berresten du.