#IzanZuAldaketa kanpaina aurkeztu

1 December, 2016

EGK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak #IzanZuAldaketa aurkeztu dute

  • Bizkaiko boluntarioen lana azpimarratzea eta gazteak boluntario ekintzetan parte-hartzera animatzea dira kanpainaren helburuak.
  • Maialen Olabe, EGK-ko presidenta; Maitane Leizaola, Bizkaiko Behatokiaren Zuzendari Nagusia eta lau gazte boluntario izan dira agerraldian.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) #IzanZuAldaketa kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. Maialen Olabek, EGK-ko presidenteak, azaldu duenez helburu nagusia “pertsona gazteak boluntario-ekintzetan parte hartzera animatzea da”, hori bai, aurrez boluntario direnek “egindako lana azpimarratzea” ahaztu gabe.

Bizkaiko Foru Liburutegian egindako agerraldian Olabek zehaztu duenez, egitasmoa BFArekin duten hitzarmenean kokatzen da. “Astialdi Forotik aspalditik egin izan da eskaera boluntario gazteen lana aitor dadin, eta BFAren laguntzarekin gaur pausu garrantzitsu bat eman dugula uste dut”. Jarraian, #IzanZuAldaketa kanpainako lehen bideoa proiektatu da eta gazteei, benetako protagonistei, hitza eman zaie.

Lau gazteek ados agertu dira boluntariotza eurentzat ere oso aberasgarria dela eta bakoitzaren egoeraren arabera laguntzeko moduak daudela: “bideoan azaldu den bezala parte hartzeko hainbat aukera daude. Gainera bakoitzak bere konpromiso maila du. boluntario bezala egunero, astean behin, hilabetean behin, kanpaina puntualetan… Borondatea eta interesa izanda gainerakoa bigarren mailan geratzen da“. Ildo honetan, gazteek gehitu dute “epe laburra izanda ere, bakoitzak ematen duen hori asko izan daitekeela”, ez soilik “beharra duenari egiten zaion mesedeagatik, baita gazte horrek berak egitean irabazten duenagatik ere”. Azkenik, gazteak boluntariotzara gerturatzera animatu dituzte. “Nik ez dakit diogu eta hor geratzen gara askotan, baina eginez ikasten da, edonork daukagu zer eskaini. Eta, bestela, arloko ikastaro edo formakuntzak egin daitezke “.

“Gazteek gizartean duten papera ikusarazi behar dugu”

Maitane Leizaolak, Bizkaiko Behatokiaren Zuzendari Nagusiak, Bizkaiko Foru Aldundiak gazteen aldeko apustu irmoa berretsi du gaurkoan. “Lurraldeko gazteen aldeko apustu argia egin nahi dugu gainerako erakundeekin eta, nola ez, gazteekin elkarlanean”. Ildo horretan, BFAk eta EGK-k duten lan hitzarmenaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Leizaolak. “Gaur hemen aurkezten duguna bezalako ekimenak aurrera eramatea baliatzen digu”. Boluntariotza mintzagai, #IzanZuAldaketa kanpainak “Bizkaiko gazteak boluntario izatera animatuko ditu, hori espero dut” adierazi du.

Era berean, Leizaolak aurreratu duenez 2017an BFAren leloa Bizkaia Goazen Gazteak izango da “egiten gaudelako baina ez delako nahikoa. Gazteentzako aukerak sortu eta oihartzuna eman behar diegu”. Azkenik, deialdia egin die Udaletxe eta gainerako erakundeei “gazteek gizartean duten papera ikusarazteko eta balorean jartzeko”.

Jarraian duzu ekitaldiko prentsa-oharra

PDF ikonoa

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.