EGK-ko bake lantaldearen lehenengo erronka nagusia bakea eta bizikidetzarekin lotura duten Nazioarteko Egunetan gazteentzako ekimenak pentsatzea, prestatzea eta garatzea izan da. Hilabetero elkartzen den gazte talde honek egindako ekimenen artean azpimarratzekoa da Memoriaren Egunean aurrera eramandakoa: EAEn azken hamarkadetan bizi izan den terrorismo eta indarkeria politikoaren ondorioz egon eta egun dauden biktimen profilekin idatzitako istorio laburrak sare sozialetan partekatzea. Baina Memoriaren Egunaz gain, beste Nazioarteko Egun batzuetan ere EGKren ahotsa ikusarazi da, besteak beste, Egiaren Egunean, Bakearen Egunean, ETAren su etenaren urteurrenean eta Giza Eskubideen Egunean. Bestetik, aipatu beharra dago bake lantaldea, gai hauei buruzko ikuspuntuak eta bizipenak partekatzeko gunea ere bihurtu dela. Jarraian duzu Memoriaren Eguna txostena.