Ibilbide Moreak aurkeztuko prentsa agerraldiaren argazkia

20 September, 2016

Ibilbide Moreak txostena aurkeztu dugu

Gasteizen egin dugun prentsaurrekoan “Ibilbide Moreak: emakume gazteen egoera lan munduan” txostena aurkeztu dugu. EGK-ko Berdintasun eta Enplegu eta etxebizitza lan-arloen elkarlana ezinbestekoa izan da emakume eta gizon gazteen laneratzea berdina zen aztertu ahal izateko. Aurretik Enplegu eta Etxebizitza lan-arloak gazteriak bizi dituen bereizketa egoerak azalarazi eta salatu ditu, besteak beste Ekin ala plof (Gazteen ekintzailetza) eta SOSgazteak, gazteen lan emigrazioa txostenen bitartez. Orain gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak eta hauen efektuak mahai gainean jartzea ezinbestekoa iruditu zaigu.

Horretarako, pasa den apirilaren 26an antolatutako Hiruburua izan da oinarri, bertan lehen ideia batzuk bildu genituen-eta. Jarraian, Eustat eta Gazteen Euskal Behatokian pilatutako kuantitatibo eta kualitatiboak izan ditugu kontuan errealitatea modu zintzoan islatzeko baina gertukoa izateari utzi gabe, eta, azkenik, hainbat elkarrizketa eginda gazteon diskurtsoa gehitu diogu.

Ibilbide Moreak: oraindik asko egiteko

Txostenaren abiapuntua den galdera erantzutea zen asmoa, baina zoritxarrez ezin izan diogu bere osotasunean erantzun datu asko falta baitira. Eskaera luzatu dugu datuen sakontasun maila igotzeko azterketa ahalik eta osatuena eta fidagarriena izateko. Hori jakinda, zein dira atera daitezkeen ondorio nagusiak?

Arrabots gehien sortu duen datua bataz beste emakume gazteek beraien lankide gizonezkoek baino 266€ gutxiago ordaintzen dituztela izan da, baita lanaldi partziala historikoki emakumeentzat diseinatutako lan gisa ulertu dela, eta, ondorioz emakumeen %48a horrelako lanaldian dagoela, gizonezkoen bikoitza baino gehiago. Horretaz gain, emakume eta gizonezkoek ikasketak aukeratzerakoan desberdintasunak erakusten dituztela azpimarratu dugu, honek segregazio horizontala dakarrelako. Azkenik, emakumeek eta batez ere gazteek lehen laneratzean estetika edo amatasunarekin lotuta dauden hainbat galdera matxista entzun behar dituztela salatu nahi izan dugu.

Proposamenak

Prentsaurrekoan esan dugun bezala txostenaren aurkezpena abiapuntua besterik ez da. Gaia mahai gainean jarri dugu, baita arazoa konpontzeko bidean jartzeko gure lehen proposamenak. Aipatutako datuen eskaeraz gain, Berdintasun Planen jarraipen eta ebaluazio kontrol altuagoak eskatu ditugu bertan biltzen diren neurriak paperean soilik ez geratzeko. Era berean, enpresei orokorrean genero-ikuspegia txertatzea gomendatu diegu, bai negoziazio kolektiboan, bai lan-arloko segurtasun formakuntzan eta bai politikak diseinatzerako orduan.

Hedabideei bidalitako prentsa oharra ikusi nahi baduzu hemen duzu esteka.

Ibilbide Moreak txostena PDF formatuan

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.