Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, “Hausnarketa Lab: Hausnarketen laborategia” proiektua berriz jartzen du martxan. Egitasmo hau, hain zuzen ere, gazteon ahotsa entzun, elkarrekin pentsatu eta errealitate berriak irudikatzeko espazio gisa jaio zen, eta orain beste ziklo batean murgiltzen da, 2025ari amaiera emateko gogo eta indar berrituekin.
Hausnarketa Lab ez da hitzaldi arrunt bat. Ez da teoria hutsa. Gazteon artean hausnarketa kolektiboa pizteko gunea da gure bizitzetan eragina duten gaietan sakontzeko eta ideiak elkarbanatzeko espazioa. Hori guztia, dinamika parte-hartzaile, elkarrizketa eta esperientzien trukean oinarrituta.
2025eko azken ziklo honetan, gaur egungo gizartean berebiziko garrantzia duten hiru gai nagusi landuko dira, EHUko hiru kanpusetan banatuta. Parte-hartzea sustatzeko asmoz, EHUk mikro–kreditu akademikoak aitortuko dizkie parte hartzen dutenei. Saio guztiak 13:30etik 15:00etara izango dira.
- Azaroaren 6an, Gasteizko Fakultatean: Ongizate emozionalaren eragina. Saio honetan pedagogia emozionalaren bidez eta “Kristalezkoak” kanpainaren emaitzak oinarri hartuta, ongizate emozionalaren efektuak eta beharrak aztertuko ditugu. Gure emozioak, autoestimua eta ingurune sozialak gure ongizatean duten eragina landuko ditugu modu dinamiko eta parte-hartzailean.
- Azaroaren 20an, Leioako Fakultatean: Pornografiaren eragina gure gizartean eta guregan. Dinamika eta elkarrizketa bidez, pornografiak gure pentsamoldea nola moldatzen duen ikusiko dugu. Horrez gain, gazteen artean nola eragiten duen eta errealitate hori ulertzeko eta kudeatzeko, ikuspegi kritiko eta hezitzaile batetik, zer behar ditugun aztertuko dugu.
- Abenduaren 4an, Donostiako Fakultatean: Elkarlana, boluntariotza eta elkartegintza eraldatzailea. Saio honetan elkarlanaren, boluntariotzaren eta elkartegintzaren balio eraldatzaileaz arituko gara. Gazteok gure ingurua hobetzeko eta gizartea aldatzeko dugun gaitasuna jarriko dugu erdigunean, esperientziak partekatuz eta ideiak trukatuz. Gainera, boluntariotza, aktibismo eta konpromiso sozialeko eredu desberdinak ezagutuko ditugu, gazteon parte-hartze aktiboa eta konpromisoa sustatzeko asmoz, komunitate sendo eta solidarioagoak eraikitzeko bidean.
Izen ematea esteka honen bitartez derrigorrez egin behar da. Saioa egingo den gela zehatza fakultate bakoitzean WhatsApp eta posta elektroniko bidez jakinaraziko da.
Informazio gehiago nahi baldin baduzu, deitu 688737133 / 944436143 (Andima) telefonora / zenbakira edo idatzi hezkuntza@egk.eus emailera.