Guztiok batera, inor atzean utzi gabe lantaldea. Grupo de trabajo Todas juntas, sin dejar a nadie atrás - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

30 June, 2020

‘Guztiok batera, inor atzean utzi gabe’ lantaldea

  • UNESCO Etxeak antolatuta, beste hainbat eragilerekin elkarlanean gazteon iritzi eta ikuspuntua ematen ari gara

  • Agenda 2030eko helburuak tokiko eremuetan betetzeko lan egitea da asmoa, inor atzean utzi gabe

Bizikidetza ez da oraindik lortu gure gizartean eta EGKtik urte mordoa daramagu lanean hori lortzeko oztopoak eta erronkak zeintzuk diren identifikatzeko. Hori dela-eta azken asteotan UNESCO Etxean antolatutako Guztiok Batera lantaldean parte hartzen ari gara gizarte bidezkoago eta zuzenago baten alde lan egiteko. Izan ere gazteon ahotsa eta iritzia kontuan hartzen ez duen gizartea ez da bidezkoa izango.

Azken asteotako gertakariek erronka mordoa sortu dituzte eta belaunaldien arteko elkarrizketa bermatzeko honelako espazioak ezinbestekoak dira. Giza eskubideak errespetatuz eta gazteen eta gizartean egoera zaurgarrietan dauden pertsonen eskubideak ardatz harturik gizartea hobetzen jarraitu behar baitugu.

Guztiok batera

Oraingoz pare bat bilera egin ditugu, besteak beste AMUGE, Aldarte, World Rural Forum – Munduko Landagunea, Emakumeak Aniztasunean eta UNESCO Etxearekin. Eragile bakoitzak bere egunerokoan gizarteko talde desberdinekin lan egiten du, betiere gizarte justuago baten eta pertsona guztiontzako giza garapen iraunkor baten alde lan egiten. Aniztasun eta zeharkakotasun honen bitartez ikuspegi orokorragoa lortu dugu.

Agenda 2030aren helburua mundu mailan, baina baita tokiko eremuetan ere, inor atzean utzi gabe giza garapen justu eta osoa lortzea da. EGK-k lan-arloen bitartez ondorengo Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) lantzen ditu, besteak beste: kalitatezko hezkuntza (4. GJH-a), genero berdintasuna (5. GJH-a), lan duina (8. GJH-a), Hiri eta komunitate jasangarriak (11. GJH-a) edota bakea, justizia eta erakunde sendoak (16. GJH-a).

#IkusGaitezen

Hainbatetan esan dugun bezala, azken urteotan pausuak eman badira ere, oraindik ez da bizikidetza erreala lortu gure gizartean. Migratzaileei buruzko aurreiritziak eta emakume musulmanak emakume izateagatik pairatzen dute zapalkuntza bikoitza aztertu genituen 2019an. Aurten identifikatutako beste oztopo bat mahai-gaineratu nahi dugu: gazte migratzaileen egoera. Horretarako iraila amaieran #IkusGaitezen topaketa antolatuko dugu Bilbon. Xehetasun guztiak ditugunean kontatuko dizuegu!

Guztiok batera lantaldearen parte izan nahi duen elkarteren bateko kidea bazara edota informazio gehiago jaso nahi baduzu idatzi bakea@egk.eus helbidera edo deitu 688 737 097 (Leire) telefonora.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.