Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) ‘Gune Anitza: Erronkak errealitate bilakatzeko liburuxka’ aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Maialen Olabek, EGK-ko presidentak, adierazi duenez “2016an Gune Anitza zigilua aurkeztu genuen, Aniztasunarekiko aldekotasuna erakusteko baliagarri izan nahi duena. Ordutik, atxiki diren hainbat espaziok zalantzak aurkeztu dituzte eta liburuxka honen bitartez argitzea espero dugu Aniztasuna zeharkakotasunez lantzeko gomendio bidez”.
Olabek jakinarazi duenez aholkuak “orokorrak” direla, eta “espazio fisiko zein birtualek” filosofia hori oinarri izanda euren errealitatea aztertu eta moldatu beharko dutela. Era berean, nabarmendu du espazio birtualentzako aholkuak batik bat hizkuntzari buruzkoak direla: mezu, irudi eta bestelako komunikazioetan hizkuntza barne-hartzailea erabiltzea eta LGTBI+fobia edo mezu baztertzaileak lekurik ez izatea.
Espazio fisikoei egindako proposamenen artean bi nabarmendu ditu Norma Ageitosek, EGK-ko Berdintasun teknikariak. Batetik, “gazteok erabiltzen ditugun espazioen alde pribatuenek ere Aniztasunaren eredu guztiei erantzutea”, hau da, komun aldagela eta antzeko espazioak ere “norbanako guztien beharretara egokitzea eta anonimotasunerako eskubidea ziurtatzea”. Bestetik, “erreferenteez hitz egiten duten guneetan Aniztasunaren isla diren erreferente positiboak bilatzea, gazteok estereotipoei eta aurreiritziei uko egiteko”.
Egoera gatazkatsuei erantzuteko pautak
Ageitosek adierazi duenez liburuxkak “beste baliozko tresna bat du: Izan ere, Indarkeria LGTBI+fobikoa izatera iristen ez diren baina gatazkatsuak diren egoeren aurrean pautak eta EGKren bitartekaritza eskaintza”. EGK-ko Berdintasun teknikariaren hitzetan, “elkarlanerako eta EGK eta guneen arteko harremana mantentzeko baliozkoa izango dela” espero dute, baita Gune Anitza zigilura atxikita dauden espazioek baliabideak izatea sor daitezkeen gatazken aurrean erantzuna emateko.
Honekin batera, ezagutzera eman ditu 2016-2017an zehar Gune Anitza zigilura atxiki diren espazioen zerrenda: Pikara magazine, Abadiño Sex Zerbitzua, Atara Zarata antzerki taldea, TaPuntu, Lahia-Nahia Elkartea, Gasteizko EQUO alderdia, Lekeitioko Eskola Publikoa, Marienea Basauriko Emakumeen Etxea, Bizkaiko Urtxintxa eskola eta Errespetuz elkartea..
Ez daude soilik LGTBI+ elkarteak, ezta ere gaira konkretuki arduratzen diren espazioak. “Honek erakusten du gizartean badagoela ‘Aniztasunaren zeharkakotasunaren’ beharraren ideia: edonork bat egin dezake aldekotasuna erakustearekin, ez soilik bazterkeria egoera bizi dutenek edo bizi dutenekin harreman zuzena dutenek”, adierazi du Berdintasun teknikariak.
Azkenik, Olabek aurreratu du etorkizunari begira helburua “ahalik eta espazio gehien” atxikitzea dela, liburuxkan ezartzen diren gomendioak martxan jartzeko eta horrela “Aniztasuna zeharkako balore bezala txertatzea bizitzako esparru guztietan”.
Informazioa osatu nahi izanez gero hemen duzu hedabideei bidalitako prentsa-dosierra ere. Eta nola ez, aurkeztutako liburuxka bera PDF honetan. Deskarga ezazu lasai, irakurri eta edozein konturekin idatz iezaguzu berdintasuna@egk.org helbide elektronikora.