Indarkeria Matxistari #GukEzetz! kanpaina aurkeztu diogu lehendakariari

5 September, 2017

Indarkeria Matxistari #GukEzetz! kanpaina aurkeztu diogu lehendakariari

  • Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) Iñigo Urkullu lehendakaria eta Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarekin bildu da
  • Elkarteen plataformak pertsona gazteen egoera, ardurak eta beharrak mahai-gaineratu ditu.

Gasteizen, 2017ko irailaren 5ean. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gaur eguerdian Lehendakaritzan Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarekin, izandako bilera baliatu du Indarkeria Matxistari #GukEzetz! kanpaina aurkeztu eta Indarkeria Matxistari buruzko hainbat datu mahai gainean jartzeko. “2016ko ekaineko Batzar Orokorrean Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa onartu zenetik 80 aldiz baino gehiagotan aktibatu behar izan dugu”, adierazi du Maialen Olabek, EGK-ko presidentak. “Egoera honi erantzun bat emateko gogo eta beharretik dator Indarkeria Matxistari #GukEzetz! kanpaina”, adierazi du Norma Ageitos, EGK-ko Berdintasun teknikariak.

Era berean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak lehendakariari eta sailburuari Indarkeria Matxistari buruzko hainbat datu jakinaraziko dizkio. Olabek gogorarazi du “30 urte baino gazteagoak diren emakumeek egindako eraso sexista salaketen tasa (‰7,3) beste adin tarteek baino bi aldiz altuagoa” dela. Ildo honetan, EGK-ko presidentak gehitu du tasa altuaren zergatia jakiteko datuak falta direla. “Kontzientziazio handiagoagatik gehiago salatzen den ala eraso gehiago ematen diren jakiteko datuak falta dira”.

Horretaz gain, Olabek adierazi duenez elkarteen plataformak bilera baliatu du gazteon egoera, ardurak eta beharraz mahai-gaineratzeko. Besteak beste, egoera sozioekonomikoa edo emantzipatzeko eta bizitza-proiektua aurrera eramateko arazoak aztertu dira.

Azkenik, EGK-k egunerokoan egiten duen lana azaldu du, lan-arloek (Presidentzia, Berdintasuna, Hezkuntza, Enplegu eta Etxebizitza, Bakea eta Bizikidetza, Komunikazioa, Administrazioa eta Parte-hartzea) esku artean dituzten proiektuak eta hurrengo hilabeteetarako aurreikusitako tailer, topaketa eta bestelako ekimenak . Era berean, administrazioarekin elkarlanean aritzeko prestutasuna berretsi du “gure eginbeharra gazteon ahotsa bertaratzea delako, politika publikoen diseinuan entzun eta kontuan hartu dadin”.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.