Atzo arratsaldean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Guk Ezetz jardunaldia eta bere baitan RECacciona bideo lehiaketako sari banaketa aurrera eraman eta Indarkeria Matxistari #GukEzetz kanpaina aurkeztu zuen.
Zergatik #GukEzetz kanpaina?
2015ean Berdintasun diagnosiak EGKren egoera eta berdintasun teknikariaren beharra mahai-gainean jarri zuen. Lan-arloa berreskuratu eta martxan jarri ostean emaitzak segituan iritsi dira: Berdintasun planaren diseinua eta lehen neurriak, Aniztasunaren aldekotasuna erakusteko Gune Anitza zigilua eta 2016ko ekainean adostutako Indarkeria Matxista eta Indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloak. Eta honek, zoritxarrez, egoera kezkagarria azaleratu du.
Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa 60 aldiz baino gehiagotan aktibatu behar izan dugu. Udan batez ere, baina urtean zehar ere. Batez beste astean behin. Gehiegi. EGKn emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako gizarte bat dugu helburu. Bideoko partaideetako askok esan bezala, Indarkeria Matxista gizarteko lakra bat da eta gizarte bezala erantzun behar zaio. Zer egin daiteke aurre egiteko? #GukEzetz kanpaina da lan-ildoetako bat, kasu oro publiko salatzeaz gain eta gizarte, administrazio zein gazteoi eskariaz egitea bezala.
RECacciona Berdintasun ezari… #GukEzetz sari banaketa
Indarkeria Matxistaren aurkako kanpainaz gain, #GukEzetz jardunaldian RECacciona ‘Berdintasun ezari… #GukEzetz bideo lehiaketaren sari-banaketa egin genuen. Gazteok berdintasun ikuspegitik bizi dugun egoerari buruz eztabaida sustatu nahi izan dugu, zu bezalako pertsona eta elkarteen artean, sortzen diren ideiak administrazioetara helarazteko. Hemen topatuko dituzu gaia, aurkeztutako galderak eta lehiaketaren oinarriak.
Epaimahaiak aukeratutako Antiguako Talde Feministaren Gu feministak, zu zergatik ez? bideoak lehen saria eta 1000€-ak eraman zituen eta Ahotsaldunduz proiektuak bigarren saria eta 400€-ak. Hemen jarraian dituzu bideoak:
1.- Gu feministak, zu zergatik ez?
Antiguako Talde Feministak egindako bideoa. Euren feminismoa publikoki aldarrikatzen dute eta gainerako auzokideak feminista izatera gonbidatzen dituzte Guk euskaraz, zu zergatik ez? abestia bertsionatuz.. Jakinarazi digutenez, 1000€-ko saria “auzoko talde feministan egiten ditugun ekintza eta proiektuak finantzatzera bideratuko dugu”.
2.- Ahotsaldunduz
Facebook-eko aplikazio bidez egindako publikoaren bozketako garailea. Egunerokoan ematen diren mikromatxismoez hausnartzen du zapalduen antzerkiaren bitartez.
Egungo gizartean dagoen Berdintasun faltaren inguruko hausnarketa honetan ere parte hartu dute honako bideoek:
- She Referees
- La historia de las dos cajas
- El Tretas