Gazteria politikei garrantzia emateko baliabideak bideratu behar dira

29 April, 2015

“Gazteria politikei benetako garrantzia eman nahi bazaie, instituzioek arreta handiagoa jarri eta baliabide gehiago bideratu behar dituzte”

“Gazteria politikei benetako garrantzia eman nahi bazaie, instituzioek arreta handiagoa jarri eta baliabide gehiago bideratu behar dituzte”

  • Hau da Itsaso Anduezak, EGK-ko presidenteak, eta Gorka Maiztegik, EGK-ko Batzorde Iraunkorreko kideak, Eusko Legebiltzarreko Gazteria Batzordean eman duten mezua
  • Gazteon egoera zein den argi ikusteko, EGK-ko ordezkariek gazteen langabezia tasa, errekurtso ekonomikoak, emantzipazio adina, etxe bat erosteko behar den dirua eta hauteskundeen erroldaren inguruko datuak azpimarratu dituzte
  • Agerraldian ere EGk-k 2015ean egingo dituen ekintza nagusiak azaldu dira, baita 2014ko memoria, egoera ekonomikoa eta martxoan egindako azken Batzar Orokorreko kontuak

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 29an. “Publikoki gazteekiko azaltzen den interesa ez dator bat instituzioetan gazteria sailari eskaintzen zaion arreta eta baliabideekin; eta are okerrago, zenbait administraziotan, gazteria politikari ere ez zaio jaramonik egiten”. Hau da Itsaso Anduezak, EGK-ko presidenteak, eta Gorka Maiztegik, EGK-ko Batzorde Iraunkorreko kideak, Eusko Legebiltzarrean gaur eman duten mezu nagusia Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean egindako agerraldian. EGKren ikuspuntutik “denek gazteen iritzia jaso nahi dute eta gazteekin lan egin, baina horretarako gazteria politikei garrantzia eman behar zaie”. Gainera, “ez litzateke gazteei zuzenduriko neurririk egon behar, gazteria sailetan lan egiten duten teknikarien lanaren ikuspegia kontutan hartu gabe”.

Agerraldian landu den beste ildo batean, EGK-ko ordezkariek gazteen egoera zein den isladatzen duten hainbat datu azpimarratu dituzte. Besteak beste, azaldu dutenez, “gero eta gazte gutxiago gara Euskadin jaiotza tasa jaitsi eta, krisia dela eta, asko kanpora joan direlako”. Langabezia tasak pixkat behera egin duen arren, errekurtso ekonomiko gutxi duten gazteen kopurua igo da eta tendentzia hori da; hau dela eta, Euskal Gazteen Behatokiak jasotako 2013ko datuen arabera, errekurtso ekonomikoak dituzten gazteen %50 baino gehiagok, hilabetean 300 euro baino gutxiago jasotzen ditu.

Horrela, emantzipatzea ia ezinezkoa da eta 1991n 26 urterekin etxetik joatetik, orain batezbestekoa 30 urte baino gehiagora igo da eta galdera hau egin diete legebiltzarkideei: “zer bizitza proiektu garatu dezakegu gazteok emantzipazioa hain berandu lortzen badugu eta etxe bat erosi edo alokairuan izatea hain garestia bada?” Bestalde, maiatzaren 24an egingo diren udal eta foru hauteskundeen inguruan, EGK-k azaldu du 2011tik, 63.588 pertsona sartu direla erroldan 18 eta 22 urteko bitarteko adin tartean daudelako (osoaren %3,7 dena). Guztira, 18 eta 29 urte bitarteko 201.597 hautesle egongo dira aurten (osoaren %11).

Berdintasun lan-arloa eta 2015eko ekintza nagusiak

Anduezak berdintasun arloan azken hilabeteetan egindako lana plazaratu du. EGK-k lan arlo hau berreskuratu du SEPEren dirulaguntza baten bitartez eta plataforma honen kide diren 60 elkarteren laguntzaz ikerketa bat egin da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta LGTBren gainean. Datu interesgarriak lortu direla esan dute uda baino lehen aurkeztuko dugun txostenean ikusiko den bezala. Tamalez, baliabide ekonomiko nahiko gabe gelditu da EGK eta ezin izango du lan arlo honekin aurrera jarraitu. Zentzu honetan ere azken hilabeteetan Emakunderekin egiten den elkarlana indartu da eta aurrerago lantzeko ideiak sortu dira.

Beste ekintza interesgarri asko egingo ditu EGK-k lantzen dituen beste arloetan. Parte-hartzean ikerketa bat aurrera atera da Gazteen Euskal Behatokiarekin batera eta laster egin diren 1.500 inkesten datuak argitaratuko dira. Azpimarratu dutenez, “”ezin dugu ahaztu ere, bi aste barruan Leioako EHU/UPVn, maiatzaren 11n, hauteskundeetan egongo diren alderdietako buruzagi nagusiekin antolatuko dugun eztabaida, gazte politiken inguruan kanpainan egingo den ekitaldi garrantzitsuena”. Bakea eta bizikidetzan Eusko Jaurlaritzarekin iaz adostu zen hitzarmena berritu da eta “Bake Hizketak” egingo dira, gazteen eta bakearen gaia lantzen duten eragileen arteko topaketa.

Enpleguan eta etxebizitzan www.sosgazteak.org webgunean ikus daitekeen esperientziaren bigarren partea gauzatuko da eta galdera hauei erantzuna bilatzen saiatuko direla esan dute EGK-ko bozeramaileek: zer baldintza dituzte etxera itzultzea erabakitzen dutenek? Zer eskubide galdu dituzten erroldan baja eman izanagatik?

Hezkuntza arloan, beste eragileekin egindako bilerek eta foroek aurrera jarraituko dute; iaz LOMCE legeari eta Hezkuntza EPEan EGKren ekarpenak egin ziren eta ildo berea jarraituko da aurten ere. Azkenik, komunikazioa arloarekin batera RECacciona lehiaketa antolatu da hezkuntzaren inguruan; azken lan arlo honetan hausnarketa bat hasiko da EGKren webgune berri bat sortzeko asmoz, 2016an beteko den entitate honen 30. urteurrenari begira.

Aurten Arabako Aldundiarekin hitzarmenik ez

2014ko memoria aurkezteaz gain, EGKren egoera ekonomikoa ere azaldu da. Finantziazio hitzarmenak badira Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin; Arabakoarekin ordea, aurten ez da ixtea lortu eta hori dela eta EGK-k ez du hemendik finantziazio iturririk izango. Gasteizko Udalarekin bai espero da laster hitzarmen bat sinatzea. Hau guztia EGK-ko elkarteei kontatu zitzaien martxoan egindako Batzar Nagusian; bertan Itsaso Andueza berriz hautatua izan zen presidente izateko, Batzorde Iraunkorreko kideak berritu ziren eta hiru elkarte berri sartu ziren EGKra: Gazte Gorrak, Uzturre Gazte Bilgunea eta Ekintza Katoliko Orokorra (azken hau, bazkide begirari gisa).

Agerraldia bukatzeko, Anduezak eta Maiztegik legebiltzarkideen galderak erantzun dituzte. Hemen jorratutako gaien inguruan hitz egin da (berdintasuna, ekintza zehatzak, Arabako hitzarmena) eta gai berriak ere sortu dira; besteak beste, Toña sailburuaren “gazteen Euskadin gelditzeko sufrimenduaren” hitzen balorazioa edo EGK-k euskararen inguruan egiten duen lana. Legebiltzarkideek ere iaz abian jarri zen Gazteria ponentziarekin konpromisoa azaldu dute eta, honen arabera, agerraldia berriak deituko dizute laster.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.